Rojavan (Siriako Kurdistanen) dago Aitor Aspuru Saez Aiaraldea hedabideko kidea. Herenegun heldu zen Kobane hirira, eta bertan emango ditu datozen egunak.
Durangoko udal eta emakume ordezkaritza batekin joan da kazetari laudioarra bertara. Bidaia korapilatsua egin behar izan dute. Turkiara joan ziren lehenbizi, iragan ostiralean. Handik Irakera bidaiatu zuten hegazkinez, jarraian Rojavara igarotzeko asmoz. Irakera iristerakoan, baina, bertako Kurdistango ordezkariek gelditu eta traba ugari jarri zituzten, eta hainbat egun itxaron behar izan dituzte bertan, muga igarotzeko aukera izan duten arte.
Hainbat toki bisitatu eta bizipen ugari partekatzeko aukera izan dute brigadako kideek. Emakumeen akademia batean egon dira, besteak beste. Anha news agentziak jaso du bisitaren berri. Bisitariak ezagutzen ari dira emakumeen eskubideen garapen eta zabalpena bermatzeko ekimenak: trebakuntza, indarkeriaren kontrako neurriak eta elkarteak, eta emakumezkoei dagokien legea.
Esaterako, Siriako Iparraldeko Federazioan -horrela izendatu dute kontrolpean duten lurraldea- 18 urte izan behar dutela emakumeek ezkontzeko. Estatu espainiarrean 16 urte dira. Modu horretan umeen edo borondatezko kontrako ezkontzak ekidin nahi dituzte.
Durango eta Kobane senidetuta daude, bi udalerriak bonbardatuak izan direlako. Aspururekin batera joandako ordezkariek dirua bideratu dute, emakumeen akademia eraikitzeko.
Kobane munduko hedabidetan agertu zen 2014an, borrokalari kurduek (hainbat emakumek, besteak beste) Estatu Islamikoari lehen porrota eragin ziotenean. Borroka hurak hiria ia suntsitu zuen guztiz eta orain feminismoan oinarritutako hiri eta gizarte berria eraikitzen ari dira.