“Euskal Herriko ia 100 lagun bilduko ditu Erraldoiketak”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko abu. 10a, 07:00

ANDER FERNANDEZ, MIKEL HUIDOBRO ETA JULEN ANDA Sorginlarren elkarteko kideak dira. Erraldoiketa ekimena egingo dute Laudioko jaietan, abuztuaren 16an.

Erraldoiketa ekimena egingo duzue Laudioko Jaietan, abuztuaren 16an. Zertan datza?

Julen: Euskara bultzatzeko eta euskal mitologiako pertsonaiak ezagutarazteko asmoz antolatu dugu ekitaldia. Egun horretan umeek aukera izango dute Euskal Herriko beste erraldoi batzuk ikusteko, Laudioko Jaien egitarauaren barruan.

Euskal Herriko hainbat konpartsen topaketa izango da. Zer talde etorriko dira?

Ander: Egitarau oparoa prestatu dugu. Ekimena Laudioko Jaien bigarren egunean egingo dugunez, nahiko zaila izan da egingo diren gainontzeko ekintzekin koordinatzea. Kalejirak egongo dira goizez eta arratsaldez, herriko kaleetan barrena. Eguerdian, aldiz, bazkaria egongo da Gaztetxean. Familia argazkia ere egingo dugu, egunari amaiera emateko. Sorginlarrenez gain, Euskal Herriko hiru konpartsa egongo dira: Bidasoakoa, Txantreakoa eta Ostargi konpartsa.

Mikel: 90 pertsona inguru egongo dira, konpartsa eta laguntzaileen artean.

Ez da erraza izango horrenbeste jende koordinatzea. Zer moduz daramazue antolakuntza?

Ander: Ondo goaz, baina oraindik gauza ugari egitea falta zaizkigu ekimena aurrera ateratzeko. Astero egiten ditugu bilerak, ostiraletan. Azken bilerak antolatzen gabiltza orain, gero jendeak oporrak hartzen dituelako eta dena azken unera arte uztea ekidin nahi dugulako.

Laudioko Jaien ostean, beste ekimen bati ekingo diozue irailean: Sorginlarrenen bigarren urteurrena. Zer prestatuko duzue?

Ander: Bai, datorren irailean dugu urteurrena ospatzeko asmoa. Lagundu gaituen jende guztia biltzea eta eurekin eguna pasatzea izango da helburua. Egitarau oparoa osatzen gabiltza horretarako, ekintza ugari prest ditugu dagoeneko.

Bi urte igaro dira Sorginlarren sortu zenutenetik. Zer nolako bilakaera izan du taldeak orain arte?
Julen: Ibilbide zabala egin du Sorginlarrenek bi urte hauetan. 2016an sortu zenetik handitzen joan da taldea apurka-apurka. Lau kide gaude orain, eta espero dugu datozen urteetan jende gehiago batzea. Gauza berriak sortu ditugu, eta hainbat ekitaldi antolatu ditugu, haur zein helduei zuzendutakoak.

Erraldoi eta buruhandi mitologikoen talde bat izatetik, kultura eta aisialdia modu zabalagoan lantzera pasa zarete.

Ander: Hala da, bai. Hala ere, aurten mendi irteera gutxiago egingo ditugu, Erraldoiketa antolatzeak lan handia ekarri digulako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide