Kirol txapelketekin eman zioten hasiera Berakatz egunari. Xake, eskupilota eta hockey partidak egon ziren. Goizerdian, berriz, sokaren kalejirak hartu zituen kaleak; edadetuen egoitzatik herriko plazaraino joan ziren makina bat lagun. Dantzatu ondotik, Lamuza parkeko herri bazkarian hartu zuten parte 350 pertsonak.
Arratsaldean, aldiz, umeek hartu zuten protagonismoa. Batetik, magia emanaldia egon zen txosnetan. Eta, bestetik, jolasparkea atondu zuten Lamuza parkean. Gainontzekoek dantzaplazan igaro zuten bazkalostea.
19:00etan hitzordu bikoitza iragarrita zegoen: kantukada eta "Sagartu" ikuskizuna. Agurtzane Intxaurraga antzerki zuzendariaren gidaritzapean, jende ugari elkartu zen herriko plazan.
Kantukadak ere txaloka, abesten eta dantzan jarri zituen jai koadrilak. Iluntze musikatuen baitan, Igor Arzuagaren taldea taularatu zen Aldai plazan. Gaueko ekintza nagusiak, berriz, koadrigak eta zumba izan ziren. Partaideek zenbait proba gainditu behar izan zituzten. Umorea eta aldarrikapenak ez ziren falta izan.
Izaskun del Cerro urduñarrak itxi zuen Berakatz eguneko egitaraua, txosnaguneko zumba saioarekin.