Plan ekonomiko finantzieroa eta bizikidetzarako bitartekari zerbitzua eztabaidatu dituzte udalbatzan

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko abu. 27a, 20:00

Gaur izan da abuztuko bilkura. / Aiaraldea

Finantzaketa egonkortzeko gobernu taldearen planteamendua -zabor zerga biltzeko sistema- atzera bota du oposizioak. Herritarren arazoak konpontzeko bitartekari zerbitzua eta jaietako kexak ere izan dituzte hizpide.

Gaur izan da abuztuko udalbatza. Udalaren finantza eta ekonomia planarekin abiatu da saioa; baita eztabaida ere. Izan ere, zabor tasen zerga bilketa bidez erantzun nahi izan dio udalak likidezia arazoari, Amets Meatza zinegotziaren hitzetan: "Bildutako diruarekin konponduko dugu likidezia arazoa. Hori da gure proposamena".

Oposizioak gogor kritikatu du planteamendua. Txaro Sarasua zinegotzi independenteak adierazi duenez, 2010etik dator arazoa: "Ez nago planteamenduarekin ados, urtero bi zerga ordaintzea proposatzen duzuelako. Jende askok ordain lezake, baina beste zenbaitek ez. Problema zuek sortu duzue, 2017ko likidezia txostenean arazoa jasoa zegoen. Hauteskundeen bezperan gaude eta zuek inauguratzeko zintak behar dituzue. Gurekin biltzean udalbatzan bozkatzearen alde egin duzue, gure ekarpenak jaso ordez". 

Omniaren ustez, herritarrak ez dira egoera honen erantzule, "ez dute eurek zertan ordaindu kudeaketa arazoa. Planteamendua ez da batere arduratsua, alderdikoia baizik". Adostasunetik bideratu ez izana egotzi dio Nerea Gonzalez zinegotziak EH Bilduri: "Zergen egutegian denok egon behar gara ados, eta ez da horrela izan. Laudioarrek ez dute udal gobernuaren kudeatzeko gaitasun eza ordaindu beharrik ".

EAJko Maider Basterrak zerga fiskalen egutegia politikoki zehaztearen garrantzia azpimarratu du, kontrako jarrera azaleratzearekin batera: "Soluzioa udal gobernuaren jarraipen edo ondorengoei arazoa uztea da. Zerga bilketa honekin 2021 arte ezingo dugu zergen ordainketa eguneratu edota egonkortu".

Jon Ander Altube EH Bilduko bozeramaileak kontu hartzaileak batzordean azaldutakoa ekarri du gogora: "Uztailaren 31tik daramagu zergak jasotzen. Laster jakingo dugu egungo finantzaketa egonkortasuna berreskuratuko dugun edo ez. Ez du aurrera egingo 12 boto jasoko dituelako kontra eta 5 alde. Hau ez da EH Bilduren proposamena, kontu hartzailearen soluzioa baizik. Oso zehatz aipatu zuen finantzaketa desegonkortasuna oso epe motzean konpon zitekeela neurri txikiekin. Ez da udal kudeaketa arazoa izan. EAJk tranpak egin dituela ondo daki, hemen ez dago kudeaketa erantzukizunik; EAJk herentzian utzitako arazoa da. Ez dago inolako kudeaketa arazorik, ezta ekonomikorik ere. Laudioko Udalak ez du dirurik galdu, inbertsioak egiten jarraituko dugu; alderdi politiko batzuek kontrakoa esan duten arren. Herritarrek zergak ordaindu beharko dituzte, hori dagokielako. Hilerrian, zabor kudeaketan... ere ordainketa zatikatuak daude".

Giza baliabide ezagatik iritsi dira egoera horretara, oposizioaren ustetan. "Arloa ondo egituratuta ez dagoelaren seinale da hori", Omniaren arabera. Ildo beretik, jeltzaleen ustez, Ogasun Sailean baliabide gehiago ez jartzea kudeaketa kontua da: "3.2 milioi euroz ari gara, zabor bilketan %5eko igoerarekin. Hurrengo txostenean ziurrenik desegonkortasun ekonomikoa desagertu egingo da. Gu plan eta egutegiaren kontra gaude, denon artean adostea ez zen hain zaila". EH Bilduk ez beste alderdi guztiek bozkatu zuten kontra, eta ondorioz, bertan behera geratu da aurkeztutako plana. 

Udal aurrekontuko kreditu aldaketa ere bozkatu da osoko bilkuran. Abstentzio bakarra egonik -PSE-EEko zinegotziarena- aurrera egin du proposamenak, gainontzekoak alde agertu baitira. 

Auzokideen bitartekaritza eta bizikidetza zerbitzua
Omniatik, mozio bidez, herritarren aferak konpontzeko zerbitzua sortzea proposatu dute: komunitate arazoak, gazteen lokalenak eta abar lantzeko. Udalak zerbitzu hori eskaintzeko parada batzorde batean jorratzeko eskatu du Nerea Gonzalezek, "Amurrion, Basaurin eta Bilbon bezala".

PSE-EEri zalantzak piztu dizkio mozioak: "Zein arlotatik bideratuko da? Bitartekariek ez dute eskumen juridikorik. Gazteen lokalak aipatzen dira, baina ikerketa egin berri da; baita kudeaketa erantzunak ere. Zarata araudia badago, udaltzainak arduratzen dira horretaz. Duda asko ditugu bozkatzeko".

Ander Añibarro jeltzalea ere dudakor agertu da: "Egun, badira interbentzio moduak udalean; baita zerbitzuak ere, Lonjakidetza kasu. Udaltzainek ere askotan egin dute bitartekari lana; eta ondo bukatu dira arazoak. Ez gaude kontra, ezagutza ezagatik zalantza asko ditugu, horregatik joko dugu abstentziora".

Iñigo Cerrillok hartu du EH Bilduren izenean hitza: "Eskubide aldetik non oinarritzen da Omnia? Nola uztartuko da Omniaren proposamena indarrean dagoen legearekin? Udalean adiskidetze ekintzak astero edo hilero egiten dira; bake epailea dago. Euren eskumenen artean dago bizikidetzarena. Nork egingo du hau? Giza baliabide aldetik nola bideratuko da, kanpoko ala bertoko baliabideekin?".  

Nerea Gonzalezek proposamena defendatu du: "Gatazka bitartekaririk ezean epaitegietara eramaten da. Pertsona edo figura honekin hori da saihestu nahi duguna; beste herrietan gisa". Planteamendua Batzordean -alderdi politiko guztien artean- zehaztea zen Omniaren asmoa, Gonzalezen aburuz. Batzuen aldeko eta besteen kontrako botoak jaso ditu mozioak; baina alderdiek proposamena gehiago zehazteko aukera ematea erabaki dute; eta onartu egin da proposamena aztertzea.

Liburutegiko ordezkapena
Liburutegian ordezko berria jarri du udalak. PSE-EEren esanetan, zenbait erabiltzaile kexatu dira, liburuak itzultzeko ez, baina eskatzeko "arazoak" egon direlako, "beharginak bere funtzioa ez dela eta ez duela erantzuteko informaziorik esan izan die herritarrei".

Gobernu taldeak argitu du ordezkapena ordu solte batzuena dela, eta liburutegiak lan-poltsa finko eta kualifikatua duela. "Kultura Arloko pertsona bat jarri da astean 4 orduz liburuzainaren ordezkapena egiteko, ordu oso gutxi baitira. Liburutegia bikain ezagutzen du gainera", erantzun du Jon Ander Altube bozeramaileak. 

Jaietako kexak
Jaietako kuadrillen eta kirol taldeen diru-laguntzen atzerapenaz ere galdetu du oposizioak galdera-eskeen puntuan. Amets Meatzak argitu duenez, Jaiak Koordinakundeak oraintsu jaso du iazko dirua, baita aurtengo Sanpedropeko festena ere: "Elkarteei aurreko urteko zorrak edo kitapenak kendu arte ezin zaielako diru-laguntza eman. Abuztuaren 20an itxi zuten kitapena. Nahiz eta borondate osoa eduki dirua aurreratzeko, ez zegoen modurik".

Ordu antzekoetan espazio ezberdinetan ekintza bat baino gehiago egon dira jaietan; Herriko plazan eta txosnagunean kasu. Musikak bat egitean sortutako deserosotasunaren harira, aurten inoiz baino hobeto koordinatu direla Txosna batzordea, udala, Arrizkuzubi eta ekintza puntualen antolatzaileak zehaztu du Meatzak. "Entsegu probek kointziditu dute batzuetan, baina hori ekiditea oso zaila da". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide