Laudioko Itxarkundia taldeak 40 urte bete ditu. Hori dela eta, ekitaldi ugari antolatu dituzte azken hilabeteetan. Hurrengo hitzordua irailaren 14ko dantza-plaza izango da, artisau azokarekin lagunduta.
Euskararen jaiarekin bat, baina, herri bazkari irekia gauzatuko dute, aurreratu dutenez: "Aurten, gure 40. urteurrena izanda, Itxarkundia Dantza Taldeak egingo diren hainbat bazkarien artean, bat antolatuko du; eta herrikoia izatea gustatuko litzaiguke, beraz, parte hartzera gonbidatzen zaituztegu". Tokia ere zehaztu dute: Aldai plaza. Euskal jaiko gainontzeko egitaraua ez dute oraindik aurkeztu.
Sagardotegi menua
Sagardotegi menua eskainiko dute Itxarkundiakoek: hasierako gisa urdaiazpikoa, solomoa eta txorizoa sagarodarekin; plater nagusi modura bakailo tortila eta saiheski errea eta azkenburuko bezala gazta irasagarrarekin. Eta, nola ez, sagardo kupela ez da faltako. Ogia, kafea eta ura ere prezioaren barnean daude. Hain zuzen, 18€ ordaindu beharko dituzte nagusiek, eta 11€ umeek. Dena den, haurren menua bestelakoa izango da: makarroiak boloñesa erara, pintxo morunoak, zukua eta yogurta jango dute. Txartelen salmenta Bazter eta Arkupe tabernetan gauzatuko dute, eta Tahona zein Lur dendetan.