"Ekintza, parte hartze eta inplikazio handia egon dira Laudioko jaietan"

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko abu. 31a, 12:02
Udalak positiboki baloratu ditu aurtengo jaiak. / Aiaraldea

 40 elkarte baino gehiagok hartu dute parte, eta 150 ekintzatik gora egon dira zortzi egunetan. 

Igandean bukatu ziren Laudioko Jaiak. Udalak, positiboki baloratu ditu festak, Amets Meatza zinegotziaren hitzetan: “Ezer baino lehen indibidualki eta elkarteetan festen antolakuntzan aritu diren guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Batez ere, Jai Batzorde Paritarioaren lekukoa hartu zuen lantaldeari".

Zenbakitara ekarrita, guztira 40 elkarte baino gehiagok hartu dute parte egitarauan, eta 150 ekintzatik gora egon dira zortzi egunetan. Aldai plazan Jaiak Koordinakundeak eta Txosna Batzordeak burututako lana ere txalotu du gobernu taldeak: "Goizetik gauerako egitaraua osatu dute, euren ibilbide eta lana eskertu nahi dugu, bai sanrokeetakoa eta baita urte osoan zehar egiten dutena".

Aurten lehenbizikoz jarri dute martxan indarkeria matxistaren aurkako protokoloa: "Ez da erasorik gertatu, ezta aparteko arazorik ere. 8 egun egon gara jaietan giro onean eta parte hartze handiarekin".

Herriko plaza, gune indartsu
Gobernu taldeak duela zenbait urte ekin zion herriko plaza gune gisa indartzeari. "Ekitaldi askotan mila lagunetik gora bildu dira plazan, Kepa Junkeraren kontzertuan kasu. Pregoi irakurketa ere duela 7 urte atera genuen kalera, eta azken urteetan bete egin da plaza, ekintzak espazio irekietan egiteko jauzia ondo baloratu da". 

Egunero antzerki eta kontzertuak eskaini dituzte, 19:00etan eta 21:00etan. "Egitarau anitza izan da, sektore eta adin ezberdinetako pertsonen parte hartzea azpimarratu nahi dugu. Denentzako jaiak egin nahi ditugu, bakoitzak nahi dituen ekintzak aukeratzeko. Parte hartze, inplikazio eta ekintza ugari egon dira ", adierazi du Meatzak. 

Ekitaldi berriak
Txupinazo egunean omenaldia egin zieten udan harrera familietan dauden umeei, eta txupinazoa udaletxeko balkoitik ikusteko parada izan zuten. Sorginlarren taldearen "erraldoiketa" ere goraipatu dute, egun osoan zehar Euskal Herriko erraldoi mitologikoen kalejirek sekulako ikusmira sortu baitzuten kaleetan barrena. "Hurrengo urtean ere antolatzeko asmoa dutela aurreratu digute, gauez ere gainera", aipatu du kultura zinegotziak. Herriarenak elkarteak, bestalde, "bote luzea" eskupilota modalitatea ezagutaratzeko partidak antolatu zituen. 

"Kilometro zero filosofia"
Udal gobernu taldeak "kilometro zero" filosofiagaren alde egin du apustu: "Bertako ikuskizunak ekarri ditugu: Radio Revolucion laudioko taldea, Rockein lehiaketako musika taldeen kontzertua, Agurtzane Intxaurraga zuzendari orozkoarraren Sagartu antzerkia, Iñigo Martinez laudioarrak parte hartzen duen El Brote konpainia...".

Guneei dagokienez, festa eremuak ondo kudeatu direlakoan dago EH Bildu: "Uste dugu espazio ireki eta kultur eskaintza kalitatezkoaren alde egiten jarraitu behar dela". Barrakak Ferianteen Elkartearekin negoziatu dituzte: espazio publikoa okupatzeagatik ez zaie zergarik kobratu prezio herrikoiak lortzearen truke. Horrez gain, positiboki baloratu da kale saltzaileen postuak Aldai plazako saskibaloi zelaian kokatzea. 

Hurrengo urteko festak
Dagoeneko hasi dira 2019ko Laudioko Jaiak prestatzen: "Lehen bilera azaroaren 6an izango da, 18:00etan udaletxeko 1.solairuan". Izan ere, ez dituzte teknikariek antolatutako jaiak nahi, herritarren parte hartzean oinarritutakoak baizik, "horregatik egiten ditugu bilera eta deialdi irekiak".

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide