aiaraldea.eus

Grezian ume errefuxiatuekin jolasten igaro zuten lehen eguna Hesiheseko kideek

Erabiltzailearen aurpegia Julen Zubiete   Jendartea  Laudio
Grezian ume errefuxiatuekin jolasten igaro zuten lehen eguna Hesiheseko kideek

Hesihes kooperatibako kideek atzo eman zuten bere lehen eguna Victoria Social Centerren, Atenasen. Begirale lanetan aritu ziren hainbat herrialdeko ume errefuxiatuekin.

Asteazkenean Greziara bidaiatu ostean, atzo hasi zuten boluntario lanak Hesihes kooperatibako kideek Victoria Social Centerren. Euren lehen egunean ume errefuxiatuekin jolasten aritu ziren, begirale lanak beteta.

Asmoa bazkaria prestatzen laguntzea bazen ere, norberaren araberako gaitasun eta gogoak aintzat hartuta lan egingo dute hemendik aurrera. Ondorioz, batzuk ludotekan egongo dira, eskulanak antolatzen, adibidez, eta besteak hizkuntza klaseak emango dituzte, edo irakasleak lagundu.

Errefuxiatuentzako zentroa 11:00etan irekitzen ditu ateak 16:00ak arte. Lan boluntarioan oinarrituta dago eta jendea joan eta etortzen da. Laudioarrak heldu baino lehen 15 bat lagun zeuden han. Laguntzaile gehienak kataluniarrak eta espainiarrak dira eta zuzendaritza kataluniar eta greziar banak osatzen dute.

Victoria Social Center, hamaika herri, hamaika ekintza

Julen Zubiete Aiaraldea Hedabideko kidea Hesiheseko gazteekin dago Grezian eta azaldu du errefuxiatuen zentroan jatorri ugariko erabiltzaileak daudela: "Gehienak Afganistangoak edota Siriakoak dira, baina badaude afrikarrak, eta Irakeko kurduak ere topatu ditugu."

Victoria Social Centerren jarduera bizia eta anitza dute, adin guztiak aintzat hartuta. Esaterako, ingelesa, alemaniarra, greziarra eta espainiarra irakasten dute, mailatan banaturik: "Oinarrizko klaseak daude, baina baita ere "First" titulua eskuratzeko".

Horrez gain, generoa ere da ardatza ekintzak banatzeko. "Emakumeentzako gela dago, eurek nahi dutena egin dezaten. Ileapaindegia ere badago emakumezkoentzat", azaldu du Zubietek.

Esan bezala, bertan lan egiten duen jende gehiena boluntarioa da, baina langile finko batzuk badaude ere. "Horietako baten bat errefuxiatu da", nabarmendu du Aiaraldea Hedabideko kideak.

Erredakzioa: Aitor Aspuru Saez
Argazkiak eta kronika: Julen Zubiete Iza

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa