Karmen eta erdiguneko beste zenbait kale konponduko ditu Udalak

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko ira. 11a, 07:06

Karmen kalea izango da obrarik handiena. / Aiaraldea

Landa eremuko eta herriguneko zenbait bide berrituko ditu Udalak. 345.000€ bideratuko dituzte obretara guztira. 

Erdiguneko zenbait bideren konponketaren berri eman du Laudioko Udalak. Aurrekontua 285.000 eurokoa da, eta landa eremukoa 60.000 eurokoa. Hortaz, guztira, 345.000€ bideratuko dira lanetara, Amets Meatza Castañares zinegotziaren hitzetan. 

Enpresek 20 eguneko epea izango dute euren eskaintza aurkezteko. Behin lanak esleituta, 6 aste izango dituzte tokian tokiko proiektuak bukatzeko. "Diru partida gehiena Karmen kalearen atonketan erabiliko dugu, Jose Arrue eta Araba kaleen bitartean", zehaztu du gobernu taldeko kideak. "Konkorrak kendu egingo ditugu, espaloiak egokituta". Halaber, industrialdeko zenbait gune ere hobetuko dituzte: Ikazkin kalea edota Katuxa Ibarra kasu. Era berean, Zubiko Kurajoko oinezkoen ibilbidea berrituko dute; Nerbioiko parke linealeko lehen zatia, hain zuzen.

Aparkalekuetan hobekuntzak
Bestalde, herriko aparkalekuak ere finduko dituzte. Horien artean daude Ellakuriko igerilekuen azpiko aparkaleku ilada, edota Gardea auzoko Hirugurutzetako ibai ertzeko aparkalekua. Horrez gain, Motxotekale kalean zein Kamaraka eta Arantzar bitartean ere egingo dira lanak. "Iaz nagusiki errepide nagusian zentratu ginen, aurten pabilioien beste inguruetan", aipatu du Meatzak. 

Landa eremuetako konponketak
Herrigunean baino azkarrago gauzatuko dituzte nekazal eremuetako konponketak, enpresa irabazleak 2 hilabete izango baititu horretarako. Dena den, eskaintzak aurkezteko epea berdina izango da: 20 egun. "Lote nagusian Larragibeletik Orueta eta Belduira arteko bidea dago, 3 zati: Aranguti, Olarte, Gaztaintza".  

Bestalde, Arrañoko igogailu berria martxan dagoela azpimarratu du gobernu taldeak: "2017ko ekainean hasi ziren lanak, bizilagunen irisgarritasuna errazteko. 468.000€ balio izan du egitasmoak eta Eusko Jaurlaritzak lagundu Udala, 108.000 euroko diru-laguntza emanda". Igogailuaren aldamenean umeen jolas parkea jarri dute, eremua hobetze aldera. 

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide