aiaraldea.eus

Azken eguna igarota, Laudiora bidean dira HESIESeko kideak

Erabiltzailearen aurpegia Julen Zubiete   Jendartea  Laudio
Azken eguna igarota, Laudiora bidean dira HESIESeko kideak

Bidaian igaroko dute gaurko eguna. Atzo agurtu zituzten Greziako errefuxiatuen kanpamenduetan lagundutako kideak.

Irailaren 5ean atera ziren Laudio Ikastolako HESIES gazte kooperatibako kideak Greziara. Astebete luze igaro dute bertako errefuxiatuei laguntzen. 

Julen Zubiete Aiaraldea hedabideko berriemaileak adierazi duenez, egun "gazi gozoa" izan zen: "Ume zein gainerako bolondresei agur esatekoa. Ikasleak penaz zeuden. Umeekin eta beste bolondresekin agurtu zirenean negarrez ere egin zuten. Ikasleek etorkizunean gogoratuko duten momentu bat izan zen". 

Arratsaldean, aldiz, Trikoupi squatean izan ziren gazteetako batzuk: "Squata hutsik dagoen eraikin handia da, errefuxiatuei etxebizitza emateko okupatua. Atzo auzo anarkista okupatuan dagoen horietako batean izan ginen, 12-15 daude auzo horretan, baina Atenasen askoz gehiago". Bertako batek azaldu zien euren proiektua, Zubieteren ustez, "ezagutu dugunetatik hoberen funtzionatzen duena". Izan ere, ondo antolatuta dagoela nabarmendu du: "Jende gutxik egiten du lo bertan. Janari eta donazio ekonomikoei esker bizirauten dute, baina azkenaldian ez dute ekarpen asko jaso eta elikagai gutxi dituzte".

Egunerokotasunean laguntzeko squat asko hornitzen dituen biltegi "erraldoia" ere badago: Elenikos. Dena den, duela bi urte, errefuxiatuen gaia pil-pilean zegoenean, goraino zegoen biltegia, jendartearen ekarpena sekulakoa zen: "Jendeak kontzientzia asko zuen eta janari asko bidaltzen zieten. Orain, moda edo booma jaitsi egin da, eta gorriak ikusten ari dira".

11:00etan iritsi dira Loiuko aireportura gazteak. Aiaraldea hedabideak bideoerreportajea osatuko du esperientzian bildutako irudiekin. 

Argazkiak: Julen Zubiete Iza
Erredakzioa: Izar Mendiguren Cosgaya

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa