Ellakuriko kirol zelaia hobetzea izango da Laudioko Udalaren hurrengo inbertsioa. Amets Meatza Castañares zinegotziak aurreratu duenez, oinarriak onartu berri dituzte lizitazioari ekiteko. Hala, enpresa irabazleak bi hilabete izango ditu obra gauzatzeko.
"Harmaila azpiko solairua da egokituko duguna, egungo egitura batzuk kendu eta berriak jarrita". Gaur-gaurkoz 4 aldagela daude, baina urte amaierarako 6 egongo dira; beste bi jarriko dituzte eta. Horrez gain, arrapala ipiniko dute eskaileren aldamenean, irisgarritasuna hobetzeko. Funtsean, honako espazioak egokituko dira: komuna, bi aldagela, bulegoa, hornidura elektrikoen gela eta pasilloa.
Arrazoiez galdetuta, Ellakuriko zelaiaren erabilera nabarmen handitu dela dio Meatzak. Izan ere, lehen CD Laudiok eta Atletismo Klubak baliatzen zuten nagusiki; baina, orain, Altzarrate futbol taldeak ere bertan entrenatzen du: "Proiektua egiteko elkarte horiekin bilerak egin ditugu".
Aldagela berriekin bestelako kirol jardueren antolakuntza hobetzea espero dute. Futbola da bertako kirol praktikatuena, baina atletismoa, ziklokrossa eta bestelako praktikak baliabide gehiagorekin garatzeko egin dute inbertsioa, "herritarrena izango da aldagela, ez futbolariena".