Uztailean zehar, "Udagazte" eta "Multiabentura" eskaintza atondu du Laudioko Udalak. Aurreneko ekimena -Udagazte- herriko gaztelekuan garatu da. "2015ean jarri genuen abian. Lehen 10-12 urtekoentzat zen, baina 10-16 urtekoentzat egokitu dugu eskaintza", azaldu du Amets Meatza Castañares gobernu taldeko kideak. Hala, bi txanda egin dituzte: "82 laudioarrek hartu dute parte". Tailerrak, jolasak, irteerak... egin dituzte. Alabaina, gazteek diseinatu dute programazioa: "Eurek nahi dituzten ekintzak proposatu eta bete dituzte. Eurek oso positiboki baloratu dutenez hori, guk ere". Gainera, Laudioko eskoletako gazteek ez ezik, harrera familietako umeek ere izan dute gozatzeko aukera, "3 haur bielorrusiar eta 2 saharar egon dira".
Hurrengo urteari begira, ordutegia luzatzeko eskaera egin dute partaideek: "10:00etatik 13:00etara zen orain arte, baina labur geratzen zaie, antza. Horrez gain, txandak hamabostaldikoak baino astebetekoak izatea baloratuko dugu, oporrengatik jende askok ezin baitu bertaratu".
Multiabentura eskaintzari dagokionean, 25 laudioarrek osatu dute taldea Urduña, Orozko eta Nerbioi haraneko beste udalerriekin batera. 12-14 urte artekoek ekainaren azken astean hartu zuten parte, eta 15-17 urte bitarteko gazteek uztaileko lehen astean. Espelelogia, tirolina, surfa, arroila jaitsiera eta beste zenbait jarduera burutu dituzte. "Arroila jaitsiera izan da hobekien baloratuena lehen txandan, eta espeleologia eta aterpetxera gau bateko txangoa, berriz, gazteen taldean", erantsi du zinegotziak. Bi programak aintzat hartuta, beraz, 107 gazte aritu dira Laudioko Udalaren udako eskaintzaz gozatzen.