Hainbat aste igaro dituzue Laudion. Zertan aritu zarete zehazki?
Rebeka: Enjoy English programan parte hartzen aritu gara begirale gisa. Iaz programan parte hartu zuen pertsona bat ezagutu genuen Glasgow hirian. Zirrara handia eragin zion esperientziak, eta aurten bertan parte hartzera bultzatu gintuen. Biok eman genuen izena eta Laudio Ikastolan aritu gara klaseak ematen. Haurrekin uneoro aritu gara ingelesez hitz egiten, gaztelera apur bat genekien arren. Benetako esperientzia izan da.
Esperientzia ona izan da, beraz.
Alexandra: Oso esperientzia aberasgarria izan da. Umeekin nire ama hizkuntza ez den hizkuntza batean aritu naizen lehen aldia izan da. Ez da erraza izan, baina asko ikasi dugu.
Rebeka: Bazeuden ingelesez deuz ez zekiten umeak, baina, hala eta guztiz ere, hizkuntza horretan mintzatu gara eurekin, gauzak hainbat alditan eta modu askotan errepikatuta.
Glasgown bizi zarete, baina Eslovakiarrak zarete jatorriz.
Rebeka: Urtebete eman dugu Eskozian bizitzen, eta kultura ezberdintasun handiak daude herrialde horren, Eslovakiaren eta Euskal Herriaren artean. Askoz bizitza komunitarioagoa duzue hemen. Eskozian Unibertsitate giroko burbuila bizi izan dugu, zeinetan ikasle guztiak elkar ezagutzen duten, baina ez dago hemen topatu daitekeen herri giroa. Hemen benetan ikusi dezakezu pertsonak elkarren artean ezagutu eta laguntzen direla. Jende guztiaren arteko sare bat antzematen da.
Alexandra: Hemen egon garen bitartean bertakoekin bizitzen egon gara, eta kideek zein bestelako lagunek ere lagundu digute hemengo giroan sartzen. Gauza asko ikusteko aukera izan dugu, turista hutsak izatera mugatu gabe.
Aiaraldeko eta Euskal Herriko hainbat txoko bisitatzeko parada ere izan duzue. Ezberdintasun asko topatu dituzue hemengo bizitzaren eta Eskoziako edo Eslovakiakoaren artean?
Rebeka: Erresuma Batuko jendea askoz indibidualistagoa da. Hemen, aldiz, nabaritzen da jendeari benetan axola zaiola albokoari zer gertatzen zaion, enpatia handiagoa dagoela esango nuke. Nik behintzat hala sentitu dut.
Alexandra: Eslovakiako herri berekoak gara biak. 10.000 biztanle inguru ditu eta Laudioren tankerakoa da, mendiz inguratuta dago. Baina giroa ezberdina da. Ez dugu pintxopotea bezalako ohiturarik, adibidez.
Zer moduz aritu zarete hemengo familiekin?
Rebeka: Nire familiako kideek ez zekiten ingelesez. Gauzak hala, gazteleraz komunikatu naiz eurekin.
Alexandra: Nire familiako ama oso ondo moldatzen zen ingelesez, eta gainontzeko kideak ere saiatzen ziren nirekin hizkuntza horretan komunikatzen. Nik ere eslovakiera apur bat irakatsi diet.
Oso pozik gaude esperientzia hau elkarrekin bizitzeko aukera izan dugulako. Txikitatik gara lagunak, eta unibertsitatea dela eta azkenaldian ez dugu elkarrekin egoteko aukera askorik izan. Horregatik, Laudiora elkarrekin etorri ahal izateak askoz aberasgarriagoa eta bereziagoa egin du egonaldia.