Alokabideren aurkako salaketa egin du herritar batek Arartekoan

Txabi Alvarado Bañares 2018ko ira. 18a, 06:30
Protesta abiatu du emakumeak esleitu dioten pisuagatik. / Aiaraldea.eus

Arartekora bideratu du salaketa eta erakunde horrek erantzun du afera ikertzeari ekin diotela eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailarekin harremanetan jarri direla horretarako. 

Alokabideren aurka protestatzeari ekin dio Laudioko emakume batek. Ez du bere izena zabaldu nahi, bere arazoa indibiduala ez dela argudiatuta. Herrian dagoen pisu bat egokitu zion sozietate publikoak apirilean, Etxebideren itxaron-zerrendan 13 urtez egon ostean. Emakumeak salatu duenez, ez zioten kontratua sinatu baino lehen pisua ikusten utzi, eta bertara iritsi zenean etxebizitzak hainbat gabezia zituela sumatu zuen.

“Biltegiak sekulako hezetasunak ditu, ezin da erabili. Horrez gain, etxeko hainbat tresna izorratuak edo egoera txarrean daude", azaldu du, "garbigailua apurtuta zegoen etorri nintzenean, eta Alokabideko arduradunek nik ordaindu behar dudala esan didate, matxura ezarritako epeen barruan jakinarazi ez nuela argudiatuta”.

Horrez gain, hilabetean ordaindu beharrekoa azaldu ziotena baino gehiago dela salatu du bizilagunak. “Hilero 43 euro ordaindu behar dizkiogu komunitatea kudeatzen duen enpresari, eta beste 29 euro ur eta berogailu gastuetarako, erabili edo ez”.

Emakumeak azaldu duenez, bizilagun batzuk egoera txarragoan daude. “Nire bloke bereko beste kide bati irisgarria ez den komun bat duen pisua esleitu diote, mugikortasun arazoak dituela jakinda”. Horrez gain, Alokabidek herrian dituen hainbat pisu hutsik daudela salatu du.

Arartekoan salaketa
Emakumearen aburuz, Alokabidek ez du “arazoa konpontzeko inolako borondaterik” erakutsi. Hainbat erreklamazio aurkeztu ditu sozietate publikoaren bulegoetan, baina ez du erantzunik jaso. Gauzak hala, Arartekora jo du, eta administrazioarekiko auzi-prozesua ere jarri du abian. 

Erakunde horrek erantzun du afera ikertzeari ekin diotela eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailarekin harremanetan jarri direla horretarako. 

 

Emakumeak azaldu duenez, badaude bera baino egoera txarragoan dauden bizilagunak. Salaketa jarri du Arartekoan

 

“Xantaia”
Laguntzen sistema osoak darabilen “xantaia” ere salatu du laudioarrak. “Etxebizitza honetan bizitzeari uko egingo banio urtebete kanporatuko nindukete Etxebideren zerrendatik, eta modu horretan Diru Sarrera Bermatzeko Errenta ere galduko nuke, zerrenda horretan egotea nahitaezko baldintza baita laguntza hori jasotzeko”.

Etxebizitza publikoa aldarri
Amaitzeko, Etxebideren zerrendetan izena ematearen garrantzia nabarmendu du emakumeak. “Jende askok ez du zerrenda horretan izena ematen horretarako baldintzak betetzen ez dituela uste duelako. Etxebizitza publikoaren alde egin nahi badugu, baina, komeni da zerrenda horretan etxebizitza beharra duen orok inskribatzea. Modu horretan erakundeek ezingo dute dagoen etxebizitza beharra ezkutatu”.

Aiaraldea hedabidea Alokabiderekin jarri da harremanetan erakundearen ikuspuntua jasotzeko, baina momentuz ez du erantzunik jaso. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide