“Greziako errefuxiatuen kanpamentuetan baldintza oso gogorretan bizi dira”

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko ira. 24a, 08:00

12 gazte aritu dira Greziako errefuxietuen kanpalekuetan. / Julen Zubiete Iza

Greziako errefuxiatuen kanpamentuetan zazpi egun igaro dituzte laguntzen Laudioko 12 gaztek.  HESIHES ikasle kooperatiba sortu zuten horretarako.

Astebete luze pasa duzue Greziako errefuxiatuen kanpamentuetan. Nolako esperientzia izan da?

Ezberdina. Ohikoan ondo pasatzeko bidaiak egiten ditugu. Dena den, egunerokotasunaren atzean dagoena  da gogorrena. Umeak han pozik zeuden, baina egun gutxi behar izan ditugu ikusteko zer nolako bizitza gogorra duten. Emakumeen gunean, esaterako, ez zuten apenas hitz egiten.

Umeen eta emakumeen errealitatea ezagutzeko aukera izan duzue, beraz.

Victoria Social Centerren egon gara astelehenetik ostiralera lanean, asteburuetan itxi egiten baitute. Horregatik, City Place Hotel okupatuan eman ditugu gainontzeko egunak. Victoria Social Centerren 11:00etatik 16:00ak arte egon gara hainbat ekintza egiten: umeen tailerrak, hizkuntza klaseak ematen... Solairuka banatua dago: haurtzaindegia, umeen gunea, emakumeena, zumbakoa...

Eraikina SOS Errefuxiatuak erakundeak kudeatzen du, boluntarioen bidez. Jende ugari elkartzen da bertan: batzuk klaseetara doaz, beste batzuk janari edo pardel bila, tailerretara... Greziera, frantsesa, alemaniera, ingelera... irakasten dira, besteak beste.

Hezitzaileak boluntarioak dira. Dena den, beste zentro batzuk ikusi ditugu; eta gainontzekoetan boluntarioak ez ziren astebete egoten, denbora gehiago baizik (adinagatik gu salbuespena izan gara). Arazoa neguan izan ohi dute: boluntarioak lortzeko zailtasunak dituzte.

 

“12 urteko neskatila batek  irribarre batekin esan zigun lo egiteko kamioi azpian sartzen zirela eta jendea askotan ez zela esnatzen”



Nola kudeatzen da errefuxiatuen horrelako gune sozial bat?

Gu Zaporeak erakundearen bidez jarri ginen harremanetan, eurek pasa ziguten jabearen kontaktua. 16:00etan, auzolana bukatzean, garbiketa egiten genuen, eta bazkalostean hurrengo eguneko lana antolatzeko bilera. Hortaz, etxera 18:30ean iristen ginen, gutxi gorabehera. Bilera horietan boluntario sare guztia elkartzen ginen.

Zazpi egunetan zer egin duzue han? Eta ikasi?

Ingelera irakatsi dugu, alemaniera ere bai, idazkari lanak gauzatu ditugu, Women Spacen egon gara... Taldeka banatu ginen. Lehen solairuan umeen txokoa zegoen, bigarrenean gimnasioa eta edertasun zerbitzuak, eta hirugarrenan informatika eta hizkuntza gelak. Azken solairua, laugarrena, boluntarioena zen: jateko eta bilerak egiteko.  Egun gehienetan umeekin tailerrak egin ditugu, eta hizkuntza klaseak eman. 12 urtetik beherakoak ziren haur gehienak, eta hiru multzotan bereizten zituzten, adinka. Gazte gehienak, berriz, hizkuntzak ikastera joaten ziren.

Emakumeen egoera nolakoa da han?

Victoria Social Centerreko Women Space delakoa itxaron gela gisa ulertzen dute han. Gure taldeko bi ez geundenez konforme, Atenasen materiala erosi genuen mural bat margotzeko. Emakumeak harremantzeko gela da, baina umeen zain zeuden batez ere. Mutilentzat beste gela bat zegoen: mugikorrarekin, telebista ikusten... egoten ziren.

Genero rolak nabarmenak dira orduan!

Bai. Sarreran egonez gero, gizonak sakelakoekin eta eta edaten ikusi daitezke; eta beste aldean emakumeak umeekin,  hitzik egin gabe, espazio itxi batean... Aldea oso agerikoa da. Espazio bereizketa hori kulturala da, emakumeek ez dituzte onartzen gizonezkoak euren espazioetan.

Zenbat boluntario behar dira Victoria Social Center kudeatzeko?

Hogei bat. Batzuk finkoak dira, eta beste batzuk -gu bezala- bolada baterako doazenak. Katalanekin egon gara, errefuxiatu boluntarioekin,  Ingalaterrakoekin, Gineakoekin... Komunikazio hizkuntza ingelera izan da, nahiz eta batzuetan gazteleraz ere mintzatu. Inprobisazio asko dago Victoria Social Centerren, baina ondo funtzionatzen du.

Nongo errefuxiatuak ezagutu dituzue?  

Gehienak Afganistanekoak, Siriakoak eta Iranekoak ziren; nahiz eta Kurdistaneko jendea ere egon. Kultura nahasketan bizi ohiturak ere nabaritzen ziren, edo erlijioa. Ume batzuk burkarekin zetozen, beste batzuk ez... Hortzak apurtuta eta beltz zituzten, egoera eta baldintza oso gogorretan bizi dira. Hori bai, ez dute ezer kontatzen. Ez dugu izan beraien benetako errealitatea ezagutzeko aukera.

Ikasle zareten heinean, nola ikusi dituzue bertako hezkuntza sistema eta baldintzak?

Batzuk eskolaratzen dira, baina beste batzuk ez. Oso autonomoak dira. 8 urteko haurrak bakarrik joaten ziren Victoriara, ez daukate beldurrik. Duten adinerako oso helduak dira.

12 urteko neska batek kontatu ziguna sekulakoa izan zen... Afganistanetik etorri zela esan zigun, eta han 12 orduz ibiltzen zirela gauez, eta egunez atseden hartzen zutela. Irribarre batekin esan zigun lo egiteko kamioien azpian sartzen zirela, eta askotan ez zela jendea esnatzen. Behin Turkiara helduta, Iranetik pasatzeko ‘patera’ hartu omen zuten askok, baina oso gutxi iritsi ziren.  Hori dena irribarre batekin kontatzen zuen... ikaragarria da.

Ama, gainera, haurdun zegoen bidaia abiatu zutenean eta, eskizofrenia duenez, alabak pultserak saltzen ditu bere amaren tratamendua ordaindu ahal izateko.



Errealitate gogorra, ezbairik gabe.

Oso jende kontzientziatua da, aipatutako neskak gainontzeko errefuxiatuak laguntzen dihardu boluntario gisa. 12 urterekin Victoria Social Centerreko boluntarioa da. Batzuk eskolaratu egiten dira, baina beste batzuk ez. Hala ere, sekulako erraztasuna dute ikasteko; eurek nahi dutelako baitoaz eskoletara.

Bitxia da, baina Suitza edo  Alemania -eta alemaniera- dute paradisutzat! Oso argi zuten Alemaniara joan nahi zutela, nahiz eta zergatia ez ulertu!

City Place eraikin okupatuan ere izan zarete, ezta?

Bai, asteburuetan. Han sukaldari eta garbitzaile zereginei heldu diegu. Hotel okupatua da, baina oso zaharra. Gaur egun, 250 lagun bizi dira, baina 400 egotera heldu dira. 2016an okupatu zuten, eta arkitekto batek esan zienez, edozein unetan erori daitezke balkoiak. Gela bakoitzean familia bana dago. Oso prekarioa da: sukaldean labezomorroak zeuden... Oso zikin zegoen. Guztira 10-12 boluntario daude, proiektuaren zati handiena etxebizitza “pribatuena” baita. Geletan ezin denez sukaldu, txandak egiten dituzte. Horretan lagundu dugu guk.
 
Bestelako errefuxiatuen gune edo gune okupaturik ezagutu duzue?

Batzuk bai. Squat deitzen diete errefuxiatuen gune okupatuei, Atenasen pila bat daude. Bakoitzak modu batean funtzionatzen du, autogestio bidez. Esaterako, Victoria Centerretik egunero bi squatera eramaten dute bazkaria. Victoriak aholkularitza funtzioa ere betetzen du: haurrak eskolaratzeko, lo-lekuak bilatzeko, itzultzaileak lotzeko eta abar.



Hesihes ikasle kooperatiba sortu zenuten ekimena gauzatu ahal izateko. Ez da ohikoa ikasleek kooperatiba sortzea.. Nolatan egin zenuen apustu hori?

Agintzari proiektuko bi kide etorri ziren Laudio Ikastolara egitasmoak azaltzera. Euskal Herrian badira ikastetxeetako kooperatibak, baina ekintza xumeak izan dira orain arte: herrialdeak laguntzeko pultseren edo pastelen salmenta gauzatu dute, besteak beste.  Zaporeak erakundekoekin bilera egin zuen Laudio Ikastolak, eta hortik atera zen Greziako errefuxiatuen gunea laguntzeko ideia.  

Gure kooperatiba, errefuxiatuak laguntzeaz gain, bestelako hezkuntza sistema aldarrikatzeko sortu genuen: liburuez aparte, poemak eta bestelako baliabideak erabili ditugu.

Zaila al da horrelako proiektu komunitarioetan parte hartzea?

Hasieran, Batxilergoko lehen mailako ikasleoi eskaini ziguten aukera. Bidaira 12 gazte joan gara, baina urte osoko proiektua izan da. Greziara gogotsuen geundenak joan gara bakarrik.

 

“Errefuxiatuek ez dute euren egoeraren inguruko aferarik kontatzen. Ez dugu euren benetako errealitatea ezagutzeko aukerarik izan”



Zergatik Hesihes izena?

Hitz jokoa da: hesietatik ihes. Helburuak argi genituen hasieratik: errefuxiatuak laguntzea, hezkuntza sistema aldatzea eta eskualdea kontzientziatzea.

Urtean zehar zuen misioa ezagutarazteko hainbat ekintza egin dituzue...

Hainbat azoketan hartu dugu parte, kamisetak egin ditugu, kontzertuak antolatu... Bidaia ordaindu ahal izateko Amurrion eta Laudion eskatu dugu laguntza, batez ere.



Bidaia bukatu duzue. Zein misio izango du hemendik aurrera Hesihesek?

Ez dugu oraindik hitz egin. Igandean Donostian izan ginen boluntario lanetan, eta elikagai bilketa egiteko asmoa dugu. Alabaina, garraioa ez da hain erraza edo merkea. Ekonomikoak dira oztopo gehienak. Guk hara ez genuen ezer eraman, baina hurrengo urtean motxilak, kuadernoak eta beste gauza batzuk lortzen saiatuko gara.

Itzuli berri zarete. Zer utzi duzue han?

Umeak eta lagun zein maitasun asko. Kontaktu fisiko handia izan dugu. Sekulako zortea izan dugu jendearekin egoteko lana egokitu  zaigulako; sukaldean kokatu izan bagintuzte ez genuke hainbeste loturarik izango. Nolako bizitza izan dute? Zer nolako etorkizuna edukiko dute? Hobea opa diegu, baina ezinegona sortzen digu hori ezin bermatzeak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide