“Kaian lanean geratzen ziren itsasandreetan inspiratuak daude nire bitxiak”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko ira. 27a, 07:00
Mederi Ferreño Goirigolzarri, bere bitxietako batzuk eskuan dituela. / Aiaraldea.eus

Bitxigintzan murgildua dago MEDERI FERREÑO GOIRIGOLZARRI (Laudio, 1993). Tailerra irekiko du laster laudion, esku arten duen bilduma garatzeko.

Arte  Ederrak ikasi zenituen. Nola amaitu zenuenbitxigintzaren munduan?

Oso irekiak dira Arte Ederren graduko lehen bi urteak. Adar guztiak erakusten dizkizute eta zuk gero horietako batzuetan jartzen duzu arreta. Niri grabatuen alorrak erakarri ninduen, eta uste dut hortik iritsi naizela bitxien mundura, bietan metalak lantzen direlako.

Leioan egin nituen karrerako lehen hiru urteak. Azken ikasturtean, aldiz, Milanera joan nintzen, Eramusean. Askatasun handia eman zidaten bertan. Aukera nuen beste gai batzuetako klaseetara joateko; moda edo eszenografiari buruzkoetara, esaterako. Bertako grabatu irakasleak bitxigintzari buruzko klaseak ere ematen zituen. Hor hasi nintzen metalak lantzen, eta konturatu nintzen plantxetan lantzen nuen guztia bitxietara eraman nezakeela. Lan eta lan aritu nintzen eta espero ez nuen grin batekin egin nuen topo. Ezuztekoa izan zen.

 

“Laborategi bat sortzeko asmoa dut, bitxi bilduma osoa sortzeko aukera emango lidakeena”


Zerk erakarri zintuen bitxigintzatik?

Irakasleak asko bultzatzen gintuen dena eskuz eta tresna zaharrekin lantzera. Gaur egun aukera dago 3D teknologiak baliatzeko, baina nik lehen unetik ekin nion aspaldiko garaietan bezala lan egiteari, dena eskuz eraikiz. Oso interesgarria iruditu zitzaidan nire marrazki batetik abiatuta zerbait ukigarria sortu ahal izatea, asko asetzen nau hori egin ahal izateak.

Beti pentsatu izan dut gustuko izango nukeela moda ikastea. Gauzak hala, adar horretan espezializatu nintzen Milanen, behin gradua amaituta. Bi urtez aritu nintzen horretan, eta aukera izan nuen gai horretan zein bitxigintzan ordura arte baino askoz gehiago sakontzeko.

Zure bitxi propioak diseinatzeari ekin zenion orduan.

Hala da. Modaren hiriburua da Milan, eta bertan egon nintzenean aukera izan nuen jendea ezagutzeko. Kontaktuak egiten hasi nintzen eta horrela lortu nuen nik eginiko bitxi batzuk Amsterdameko  Cool Uk moda aldizkariko azalean agertzea. Berlinen lan egiten duen galiziar baten bidez lortu nuen hori.

 

“Orain garatzen ari naizen bilduman denak du esanahai eta prozesu bat”

 

Laudion tailer bat irekitzeko asmoa duzu.

Laborategi bat sortzeko asmoa dut, bitxi bilduma oso bat sortzeko beta emango lidakeena. Orain arte ez dut horretarako aukerarik izan, 20 pieza inguru landu ahal izan ditut aldi berean. Proiektu oso bat eratzeko asmoa daukat, gero balizko bezeroei plazaratzeko.

Tailer itxia izango da momentuz, baina etorkizunean gustatuko litzaidake zoezer irekia egitea, herriko jendeak ere parte hartzeko aukera izan dezan.

Posible izango duzu tailerra Laudion izanda maila altuko modaren munduarekin harremanetan egotea?

Bai. Gaur egun teknologia berriekin munduko edozein txokotatik jarri zaitezke harremanetan. Horrek ahalbidetuko dit jaio naizen herrian lan egitea, nire familiaren jostundegia zegoen lokalean.
Zorte handia izan dut, arestian aipatutako Berlineko sormen zuzendariak -galiziarra- nire lanagatik interesa azaldu duelako. Esperientzia handia du berak, eta hasiberriak diren pertsonei laguntzen die. Hasieran oso zaila da bidea egitea, eta are gehiago eskuz eginiko piezekin.

Gustatuko litzaidake nire bitxiak nik neuk saltzea, baina oso zaila da hori, inork ez zaituelako ezagutzen. Beharrezkoa da lehenbizi zure burua ezagutzera ematea.

Zer nolako bitxiak egiten dituzu?

Orain garatzen ari naizen bilduman denak du esanahi eta prozesu bat. Material nobleekin lan egin dut. Kobrea da nire oinarria. Faltan sumatzearen afera jorratzen dut nire proiektuetan. Milanen igaro nuen azken urtean  Euskal Herriko kultura eta tradizioak faltan sumatzen hasi nintzen, eta horren inguruan informatzeari ekin nion.

Liburu batekin egin nuen topo: Isabel Leteren La galerna y la mar. Liburu hori izan zen proiektu hau sortzeko behar nuen inspirazioa eman zidana. 1912. urtean hildako Bermeoko arrantzaleen istorioa zuen hizpide, baina ez zuen arrantzaleen inguruan hitz egiten, kaian lanean geratzen ziren itsasandreen inguruan baizik. Eurak ziren eleberri horretako heroiak. Liburu horretako istorioak islatu ditut bitxietan. Bitxi pisutsuak direla dirudi, urdin koloreko zatiak dituzte, eta formek ere gauza asko iradokitzen dituzte.

 

“Egingo dudan hurrengo bilduma euskal jantzi tradizionaletan oinarritua egongo da, Portugaleko zapian batez ere. Datorren udari begira garatuko nuke proiektu berri hori”

 

Zuretzat zer da bitxigintza, artea edo artisautza?

Niretzako artea oso kontzeptu konplexua da, eta oso kutsatua dago gaur egun. Edozer gauzari deitu ahal zaio arte. Gauzak hala, nik ez dut nire lana arteari lotu nahi izan. Tematika eta inspirazio zehatz batzuen bidez sortutako proiektua da nirea. Inspirazio batetik abiatzen naiz beti.

Irudiak bilatzen ditut eta horiek oinarritzat hartuta hasten naiz sortzen eta materialak bilatu eta nola landu pentsatzen. Jarraituko dut sorkuntza modu artisauan egiten, bilduma oso handi bat eskatzen badidate bestelako  teknologiak baliatu beharko ditudan arren, denborak ez duelako denerako ematen. Eskuz eginiko bitxi bakoitza ezberdina da, ez du parekorik.

Bitxiak luxutzat hartzen dira normalean. Hala ikusten dituzu zuk?

Hala da, bitxiak beti lotu izan dira luxuarekin eta aberastasunarekin. Niretzako material orok du bere luxu eta kalitate propioa, egiten duzun lanketaren eta ematen diozun esentziaren araberakoa da. Urrea beti izan da oso preziatua, baina kobrea ere bai. Hala ere, urreak duen abantaila da ez dela zahartzen. Nik nire bitxiak urreztatu egiten ditut, mantenu hobea bermatzeko.

Baduzu bilduma gehiago egiteko asmorik?

Bai, beti bururatzen zait ideia andana. Arazo handia da hori: proiektu batean murgildua nagoenean ahalegintzen naiz beste ideiarik ez garatzen, bestela arreta galduko nukeelako. Egingo dudan hurrengo bilduma euskal jantzi tradizionaletan oinarritua egongo da, zapi portugaldarrean batez ere. Datorren udari begira garatuko nuke proiektu berri hori.



Eperen bat duzu buruan bildumak egiterako orduan?

Piezak eskuz egiten dituzunez ez dakizu zehatz mehatz zenbat denbora beharko duzun bilduma osoa egiteko. Ez dut epemugekin lan egiten. Prozesu bat burutzen dut lehenbizi, eta hori amaitzean plazaratzen dut eginiko lana. Nire asmoa da orain egiten ari naizen bilduma neguan ateratzea, baina ez dakit ziur. 150-200 pieza inguru ditut une honetan. Belarritakoak egitera mugatzen ari naiz, baina badut eraztun edo lepokoren bat ere diseinatzeko asmoa. Belarritakoak egiten hasi nintzen eta horrela jarraituko dut.

Zergatik?

Belarritakoek duten gauza ona da ipini arte ez dakizula gustuko izango dituzun edo ez. Arrisku horrekin jokatzea gustatzen zait.  

Posible ikusten duzu bitxigile izatetik bizitzea?

Une honetan ez dut hori egiteko asmorik. Milanen lana eta hainbat proiektu nituen, baina tartea hartu nahi nuen egin nahi nuen hori garatu ahal izateko. Une honetan bakarrik nago proiektuan. Etorkizunean, gauzak ondo joango balira, jende gehiago batu ahalko litzateke egitasmora. Baina une honetan nahiko mugatua nago, bi esku dituen pertsona bat baino ez naizelako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide