aiaraldea.eus

'Bolunturismoa' ala kolonialismoa?

Erabiltzailearen aurpegia David del Rio Carrero   Iritzia  Laudio

Ukaezina da goruntz doala Gobernuz Kanpoko Erakundeekin egiten den boluntariotza eta elkarlana. Baina dena da dirudien bezain polita? Boluntariotzaren arazoa da bere indiosikrasiak (bere altruismoak eta behartsuenak laguntzeko gogoak) itsutu egiten duela bere jarduerak eta horien ondorioak ispiritu kritikoarekin aztertzerako orduan. Kontuz, horrekin ez dut esan nahi laguntzea berez txarra denik: beti izango da laudagarria behar duenari laguntzea. Hori egiteko baliabideek laguntza jasoko duen komunitateari zer onura ematen dioten argi ez dagoenean sortzen da arazoa.

Boluntariotzaren boomak eragin du hori maiztasun handiegiarekin gertatzea. Herrialde aberatsetatik txiroetara dagoen gazte eta diru emari jarraituak GKEn inguruan industria bat sortzea eragin du, bereziki kaltegarriak diren bi ondoriorekin. Horietako bat da boluntariotza bolunturismo bihurtzea. Negozio hutsa da hori, zeinetan kalitatea eta eragina neurtzeko irizpideak leundu egiten diren pertsona orori moldatu daitezen, bereiztu gabe benetan prestatuak dauden pertsonak Instagrama apaintzeko esperientzia on bat baino nahi ez duten horietatik. Beste ondorio bat da botere-harremenak ilundu egiten direla, eta iparraldeak (zuri eta aberatsak) hori baliatzen duela bere paradigma gainontzekoei ezartzeko.

Benetako boluntariotzak, lagundu egiten duen horrek, modu kontziente eta kontzientziatu batean eragin behar du. Ondo neurtu behar ditu ematen dituen pausoak, tokiko biztanleak inplikatu eta programek askotan duten “salbatzailearen” konplexu oro albo batera utzi. Horregatik, mota horretako esperientzia batean izena eman baino lehen, pentsatu beharra dago zergatik eta zertarako nahi den horretan parte hartu. Bolunturismoa kolonialismo berria izatetik banatzen duen haria oso-oso mehea baita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa