Laudioko Udalean 4-5 langile sozial eta administrari bat daude lanean Ongizate Sailean. Orain arte, Diputazioak behargin bakarraren gastuaren %80 hartzen zuen bere gain. "Lortutako eguneraketarekin, EH Bilduri esker, langile guzti horien %80 kubrituko ditu zerbitzu horretako giza baliabideak", azaldu du Isabel Boveda Ongizate zinegotziak. Neurria ez da bakarrik Laudion aplikatuko, Araba osoan baizik.
Instituzioetan landu zuten horretarako proposamena. Bovedak gogorarazi duenez, ekainean aurkeztu eta onartu zituzten zituzten proposamenarekin mozioak Laudion eta Amurrion. "Udalean eta Batzar Nagusietan, 2017ko udaletxeko giza baliabideen ikerketan oinarrituta, Laudiok beharrak beteta zituela leporatu zigun EAJk. Egia da hori, guretzat lehentasunezko interesa baita. Horren adibide dira azken urteetan edadetuen itxaron zerrenda arintzeko egindako gizarte langile eta administrariaren kontratazioa. Gastu horiek orain arte udal finantzaketarekin egin dira, eta ondo bideratutakoa dela uste dugu".
Horregatik, Laudioko EAJren jarrera kritikatu dute: "Herritarren interesak defendatu ordez, euren taldeak gobernatzen dituen erakundeetakoak defendatzen dituzte. Laudion, lehen esan bezala, zerbitzuaren beharrak beteta zeudela zioten, berdina esango al dute orain? Ez zaie axola herriak bere baliabide apurretatik atera behar izateak Aldunditik dagokigun proportzioa".
Onarpenaren harira, Batzar Nagusietako bilkuran gertatutakoa salatu dute, batzuek "hauteskunde kanpaina" hasi dutela iritzita: "Batzar Nagusietan EH Bilduren mozioa zihoan. Egun bat lehenago jaso zuen deia alkateak finantzaketa eskaera onartzeaz gain, neurria Araba osora hedatuko zutela esanez. Ez dugu uste kasualitatea denik, EH Bilduren ahalegina frenatzearren egin dute. Bakoitzak bere ondorioa atera dezala, gurea argia da: presio politikoa ezinbestekoa da justiziari heltzeko. Gu oso harro gaude: herriak berea dena jasoko du, orain arte ukatu egin zaiona".
Hala ere, aurrekontu orokorrei erreparatuta, gobernu taldeak aitortu du gizarte ekintzetako inbertsioak gutxiago izaten direla. "Guk horren alde apustu egiten jarraituko dugu. Udaletan funtzionatzeko hiru modu daude: dirulaguntza bukatzean programa amaitzea, jarduera pausatzea edota, jarraitzeko beharra dagoenean, udalak dirua jartzea. Guk azken hori egin dugu beti”.