SOS Laudioko Lamuza Parkea

Kultura Etxea zaharberritzeko obren lehen fasea urtea amaitu baino lehen lizitatuko du Aldundiak

Txabi Alvarado Bañares 2018ko urr. 5a, 13:52

Cristina Gonzalezek -ezkerrean- gaur eguerdian bisitatu du Lamuza Parkea. / Aiaraldea.eus

Berogailu sistema, estalki eta leiho berriak jarriko dituzte lehen fase horretan. Arabako Aldundiak adierazi du udalak Kultura Etxearen balizko erabilpenen berri eman diela proiektua diseinatzeko.

Urtea amaitu baino lehen lizitatuko du Arabako Foru Aldundiak Laudioko Kultura Etxea zaharberritzeko obren lehen fasea, "2019. urtearen lehen sei hilabeteetan egiteko". Lehen fase horren barruan honako lan hauek sartuko dituzte: Berogailu sistema, estalki eta leiho berriak jartzea.

"Horretarako udalak eman digu espazioen balizko erabilpenen berri", azaldu du Cristina Gonzalezek. Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapen Saileko foru diputatuak azaldu duenez, obren bigarren fasean eraikinen barrualdea berritzeari ekingo liokete, "barrera arkitektonikoak kentzea" helburu. "Obra horiei esker eraikina modernizatuko dugu, baina jatorrizko estetika gordeta".

Obra batzuk egiteke Kasinoan eta Musika Etxean
Gonzalezek jakinarazi du oraindik obra txiki batzuk egiteke dituztela. "Segurtasun ate bat jartzea falta zaigu Musika Etxean, eta Kasinoan ere hezetasunen afera dago".

Forjazko elementuak konpondu dituzte
Horrez gain, une honetan parkean egiten ari den egitasmo baten berri eman du Aldundiak: forjazko elementuak berritzea.

30.000 euro baliatu dituzte horretarako. Gonzalezek azaldu duenez, hasieran ez zuten hori egiteko asmorik, "baina Kasinoa zaharberritzen ari ginela, ohartu ginen metalezko elementu horiek oso egoera kaskarrean zeudela". Beltzez margotu dituzte, oxidoaren aurkako tratamendua eta beste babesle batzuk aplikatzearekin batera, "ahalik eta luzaroen iraun dezaten egoera onean".

Cristina Gonzalezek nabarmendu du Aldundiak 2,5 milioi euro inbertitu dituela azken hiru urteetan Lamuza Parkeko eraikinetan, eta aurreratu du legealdia amaitu baino lehen beste horrenbeste inbertitzeko asmoa dutela. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide