Laudioko Osakidetzako zentroak urologia zerbitzu berria jarri du abian. Urtero 11.000 kontsulta kudeatzen dituztelako gehitu dute espezialitate eskaintza. "2017an, abian jarri ziren neurologia, oftalmologia, endokrinologia eta kirurgia orokorreko kontsultez gain, aurrerantzean urologiakoa ere izango da, Arabako osasun zentro honetan egin diren birmoldaketa obren ondorioz, sortu diren gune berriei esker", adierazi dute arduradunek.
Pasa den ostiralera arte, Galdakaoko erietxera jotzen zuten herritarrek beharrezko probak egitera. Alabaina, aldaketaren ondorioz, Laudion bertan izango dute horretarako aukera. Hain zuzen, astean behin gerturatuko da osasun aditua bertara: "Kontsulta honek osasun zerbitzuen kalitatea eta irisgarritasuna hobetzea dakar Aiarako Bailarako biztanleentzat".
Gehitutako zerbitzuarekin 12 dira Laudioko zentroko kontsulta bereziak: liseriketa aparatuarena, traumatologia, ginekologia, dermatologia, erreabilitazioa eta odontologia, neurologia, oftalmologia, endokrinologia, kirurgia orokorra eta urologia. Guztira, Orozko, Okondo, Amurrio, Aiara eta Urduñako 42.000 lagun artatzen dituzte. "Kontsulta horiek abian jarrita, irisgarritasuna hobetu ez ezik, lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren arteko koordinazioa ere mesedetu egiten da eta, nola ez, pazienteari arreta integrala eskaintzen zaio".
470.000 euroko inbertsioa
Zentroa hobeto baliatzeko 470.000 euroko inbertsioa egin du Osakidetzak: "Birmoldatze-lanak Etengabeko Arreta Gunean (EAG), lehenengo solairuan egin dira; eta neurri txikiagoan, bigarren solairuan. Orain arte Basaurin edo Bilbon eskaintzen ziren arreta espezializatuko kontsulta horiek bertara ekarri dira. Gainera, erradiologiako eremuan ere, ekipamendu digitalaz hornitutako erradiologia orokorreko gela berria daukate".