Trafikorako eta oinezkoentzako hainbat elementu berrituko ditu udalak: zebrabideak, bidegorria, piboteak...

Aitor Aspuru Saez 2018ko urr. 10a, 07:02
Piboteak ordezkatuko dituzte. / Aiaraldea.eus

Udalak dagoeneko 25 zebrabide margotu ditu eta laster gauza bera egingo du beste 22 gehiagotan. Horrez gain, 5 zebrabideren altuera murriztuko du, baita espaloiko aglomeratua aldatu eta piboteak hobetu ere.

Laudioko Udalak jakinarazi du Latiorroko 24 zebrabide margotu berri dituela, Goikogane eta Arantzar kaleetan. Gainera, Landaluzen ere beste batean gauza bera egin dute, 10 eta 12 zenbakien artean. Granja Kiroldegiaren aurrean dagoen oinezkoen elementu horretan ere esku hartu du tokiko erakundeak. 5.800 euro gastatu ditu guztira.

Hurrengo urratsa izango da Latiorroko erdigunean 5 zebrabide gehiago margotzea eta Maestro Elorza eta Jose Matia kaleen artean beste 17 egitea.

Zebrabideen altuera jaistea
Sei zebrabide beheratuko ditu udalak laster. Horietako 5 izango dira Zumalakarregi 58, 48, 46 eta 25 zenbakietan daudenak. 29.000 euro balioko du lanak gauzatzeak eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza eskuratu dute, irisgarritasuna bermatzeko.

Horiek ez ezik, Hiru Kurutzetza 12 zenbakian dagoen zebrabidean ere ekingo diote horrelako obra egiteari. Edonola ere, udal langileen ardura izango da. 13.330 euro bideratuko dituzte guztira hori egikaritzeko.



Bidegorria
Zumalakarregi etorbidea zeharkatzen duen bidegorrian ere esku hartuko du tokiko erakundeak, espaloiak eta bizikleten bideak altuera bera izan dezaten. Aglomeratua aldatuko dute horretarako.

Jose Matia eta Maestro Elorza kaleetan lan gehiago
Bi kale horietan trafikoari eta oinezkoei eragingo dizkien hobekuntzak gauzatuko ditu udalak. Hasteko, piboteak ordezkatuko ditu, autoek hain erraz apurtu ez ditzaten. Horretarako material hobeak baliatuko dituzte.

Horrez gain, eraikinen atarietako sarrerak indartuko dituzte auzokideen segurtasuna bermatzeko. Zebrabideetan ere argi seinaleak jarriko dituzte ikusgarritasuna handiagoa izan dadin. Azkenik, karga eta deskargarako toki bat kenduko dute, bertan zegoen negozioak itxi baitu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide