Igande goizak familian berrasmatzeari ekin diote

Txabi Alvarado Bañares 2018ko urr. 11a, 12:00

Bisita antzeztuak egiten ari dira "La familia inventada" taldeko kideak asteburuetan Laudion, Amurrion eta Artziniegan. Eskualdeko hainbat artista eta sortzailek hartzen dute parte ekimenean, igande goiz bereziak eskaintzea helburu.  Ekimenak arrakasta handia izan du eta urte amaierara arte luzatzeko asmoa dute.

Igande goizak etxean atsedena hartzen egoteko izan ohi dira pertsona askorentzat. Baina datozen asteburuetan kaleaz gozatzeko beta ere egongo da, "La Familia Inventada" taldeak antolatutako bisita antzeztuei esker. Artziniegan, Amurrion eta Laudion ari dira egitasmoa garatzen.

“Oso ikuskizun ezberdinak egiten ditugu herri bakoitzean”, azaldu du proiektuaren bultzaileetako bat den Susana Saguer Batllek. Amurrioko bisitetako protagonista Celi chefa da. “Sukaldari ero bat da, munduan barrena zoriontasunaren bila dabilena”.  Laudion Lamuza parkea hautatu dute agertoki gisa, “espazioa tokiko hainbat pertsonaiekin beteaz”. Artziniegako bisitan, aldiz, Erdi Aroan girotutako istorio bat antzezten dute, “Antzinako Azokan eginiko emanaldian oinarrituta”.

 

Artziniegan, Amurrion eta Laudion ari dira bisita antzeztuak egiten. Hainbat emanaldi eskainiko dituzte hemendik urte amaierara

 

Hain zuzen, Artziniegan sortu zen ekimena, iaz. “Bisita gidatuak egin genituen azaroko lau igandeetan”. Arrakasta handia izan zuen egitasmoak. “Hor sortu zen Aiarako Kuadrillarekin harremana, eta erakunde horrekin elkarlanean ari gara orain”. Saguerrek jakinarazi duenez, “kale antzerkiaren ispiritua berreskuratzea” ere dute helburu. “Jendea harritu eta ilusionatu nahi dugu, igande goiz ezberdin bat igarotzeko”

Abendura arte
Amurrion urriaren 21ean, azaroaren 25ean eta abenduaren 8an izango dira hurrengo zitak. Artziniegan azaroaren 11an eta abenduaren 7an egingo dituzte. Laudion, aldiz, hiru saio egingo dituzte hemendik urte bukaerara: urriaren 14an, azaroaren 18an eta abenduaren 9an.

Ordu eta erdiko iraupena dute hiru bisitek, eta 11:30ean hasiko dira. Herrietako turismo bulegoetan, kultur etxeetan edo www.basquemountains.com webgunean eman behar da izena. “Ahal bezain azkar inskribatzeko deia luzatu nahi dugu, oso toki gutxi geratzen dira eta”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide