Europako 4 ikastetxe eta kultura batuko dituzte 40 gaztek "Erasmus+" proiektuarekin

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko urr. 11a, 09:38

Erasmus+ proiektuko talde parte hartzailea. / Laudio BHI

Polonia, Grezia eta Portugaleko 3 ikastetxerekin gauzatuko dute proiektua Laudio BHIko ikasleek. Bertako kultura ezagutaraztea izango da helburua. Bi turismo gida sortuko dituzte.

Laudio BHI ikastetxeak "Erasmus`+" egitasmoaren berri eman du. "A Nod to our Heritage" proiektua aurkeztu dute atzerriko hiru ikastetxerekin batera: Janowiec Koscielny herriko (Polonia) Szkola Podstawowa im.Jana Pawla II w Janowcu zentroa, Acharnes-eko (Grezia) 10 Gymnasio Acharnon School eskola eta Chamuscako (Portugal) AEC-Escola Básica e Secundaria. Prozesuan 40 gaztek hartuko dute parte, bi irakaslerekin batera. "Ikasleak boluntario gisa arituko dira. Beraiek dira proiektuaren protagonista, eta 40k eman dute izena", erantsi dute.  

Bi urtetan sei bidai
2018tik 2020ra gauzatu beharko dute lana. Alabaina, bidaiak zehaztu dituzte dagoeneko. Batzuk irakasleek egingo dituzte, eta besteak ikasleek. Hezitzaileen kasuan urrian batuko dira zentroetako arduradunak Laudion, eta datorren urtean Grezian egingo dute koordinazio bilera. Laudioko gazteak, berriz,  2019ko otsailean joango dira Greziara, eta apirilean Poloniara. Datorren ikasturtean, berriz, Portugal eta Laudio izango dituzte topaleku; urtarrilean eta apirilean, hurrenez hurren. 

"Europar ikastetxeen artean egindako egitasmoa da. Elkartu egin gara eta denon artean planifikatu eta idatzi dugu proiektua", azaldu dute. Laudio BHIk hartu du lau zentroak koordinatzeko ardura: "Esan beharra dago EAEn bi zentrok baino ez dutela ardura hori. Beraz, pozik egoteko modukoa da". 

Euskal Herriko kultura, hizkuntza, mitologia, arkeologia eta berezitasunak bilduko dituzte, besteak beste, laudioarrek. "Ikastetxe bakoitzak beste herrialdeetako ondareari buruz ere egingo du ikerketa lana, eta elkartzerakoan amankomunean jarriko dugu arkitutako informazioa". 

Helburua ondare fisiko eta kulturala partekatzea da. Bildutako datuekin bi turismo gida sortuko dituzte, paperezko bertsioan bata eta digitala bestea, "Augmented Reality -errealitate areagotua- erabilita gainera". 

Urriaren 24tik 30era izango da aurreneko bidaia: "Hiru zentrotako irakasleak etorriko dira Laudiora: bi poloniar, bi portugaldar eta hiru greziar. Proiektua abiatzeko bilerak egingo ditugu, eta ingurua erakutsiko diegu".

Egitasmoaren laguntzaileen artean Laudioko Udala, Sergio Serrano EHUko arkeologo, irakasle eta ikertzailea eta Iñaki Perurena daude. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide