“Memoriaren Plaza” erakusketa ikusgai egongo da Laudion urriaren 15etik 21era. Lehen egunean egingo dute irekiera ekitaldia, 18:00etan. Gaian interesa duen orori luzatu diote bertaratzeko gonbita. Erakusketa ibiltari horren XX. edizioa izango da Laudiokoa. Euskal Autonomi Erkidegoko hiri eta herri nagusienetatik igaro da dagoeneko egitasmoa.
Hezkuntza tailerra
36.000 lagunek hartu dute parte orain arte eginiko edizioetan. Horietako asko -5.100- DBH 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak izan dira. Laudion ere herriko ikasleei zuzendutako tailerra ere eskainiko dute Gogora institutuko kideek. Jakinarazi dutenez, Laudio Ikastolako DBH 4. mailako ikasleek hartuko dute parte bertan. “Hainbat tailer emango dira inguruko ikastetxeetako ikasleentzat”, aurreratu dute antolatzaileek.
Astelehenean egin zuten egitasmoaren aurkezpena Laudioko Udaletxean. Udal talde politiko guztietako ordezkariek hartu zuten parte aurkezpenean. Bertan egon zen baita ere Aintzane Ezenarro, Gogoraren ( Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua) zuzendaria, institutu hori baita erakusketaren antolatzailea.
Hainbat biktimen lekukotzak jasoko ditu erakusketak. “Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dira, bai eta terrorismoaren biktimenak ere”, azaldu dute Gogora institutuko kideek. Tokiko hainbat lekukotza eta informazio-iturri ere egongo dira erakusketan. Laudion ekoitzitako Otsoaren Hatsa filma laburra proiektatuko dute, adibidez. Mahai-inguruak ere eskainiko dituzte, eta bisitariek ere aukera izango dute euren lekukotzak eta iritziak plazaratzeko, bideo-grabaketen bidez edo “mezuen hormen-irudia” baliatuta.
Aldaikorreka aparkalekua dagoen tokian muntatu dute erakusketarako karpa: