Donostiako Miramongo estudioetan grabatu dute Laudio eta Orozkoko ogia nola egiten duten. Hala adierazi du Aida Fuentes Iza okinak: "Izugarrizko esperientzia izan zen. Zigor (aurkezlea) oso-oso jatorra da, asko erraztu zuen dena; eta grabazio taldeak ere bai".
Fuentes behin baino gehiagotan atera da Euskal Telebistan. Aiaraldea hedabideari azaldu dionez, ia ordubete jardun ziren hizketan ogi osasuntsuari buruz: "Bi ordu inguru egon ginen grabatzen. Gure okindegiko historiari buruz hitz egin genuen, lan filosofiaren inguruan".
Besteak beste, hartzidura prozesua azalduko du telebistan, ama orea nola egiten duten, irin garbien aldeko hautua... "Guk egindako hainbat ogi ikusi, aztertu eta dastatu genituen".
Ostiral honetan 15:00etan emitituko dute elkarrizketa ETB1ean, Zigor Iturrieta aurkezlearen gidaritzapean. Ikus-entzunezko proiektuak pertsona edo talde bat gonbidatzen du saio bakoitzera, euren egitasmoaren berri izateko, zein errezeta bat erakusteko.
Aurrez esan bezala, ez da Iza okindegia telebistan agertuko den lehen aldia. Duela urtebete Historia a bocados saioan izan ziren aiaraldearrak: