“Gizonekoen kategorian mailarik gorenera heldu nahiko nuke arbitro gisa”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko urr. 19a, 15:26
Hiru urte daramatza Haizea Castresana Zorrozak arbitro lanetan. / Aiaraldea.eus

HAIZEA CASTRESANA ZORROZAk (Laudio, 2001) hiru urte daramatza futbol partidak arbitratzen. Lehen Mailako norgehiagoketan arbitro-laguntzaile lanetan estreinatu berri da.

Hiru urte daramatzazu epaile lanetan. Nolatan?

Duela hiru urte proposatu zidaten arbitro izateko ikastaroa egitea. Nire lagunak diren Eider eta Aialarekin egin nuen.

Ekin eta ekin aritu naiz gaurdaino. Hirugarren mailan nago orain, arbitro laguntzaile gisa. Udan probak egin ditut lehen mailan ere laguntzaile lanetan aritzeko, eta erreserba gisa geratu nintzen.

Duela gutxi bigarren mailan arbitro izateko probak egin nituen. Gauzak hala, orain arbitroa naiz emakumezkoen bigarren mailan eta arbitro laguntzaile emakumezkoen lehengo mailan eta gizonezkoen hirugarrenean.

Hasi zara Lehen Mailan partidak arbitratzen. Zer moduz?

Donostian izan nuen lehen partida. Eliteko Torneoa izan zen, Errealeko emakumezkoen lehen mailako taldearen eta Frantziako Paris Saint Germain futbol klubaren artekoa. Athleticen emakumezkoen bigarren mailako partidu batean ere aritu naiz arbitro laguntzaile moduan.

Badakizu zeintzuk izango dira zure hurrengo norgehiagokak?

Ez, ausazkoa da. Maila ezberdinetako partidak arbitratuko ditut, egokitzen zaidanaren arabera. Astean zehar esaten dizute non arituko zaren asteburuan.

 

"Orain arbitroa naiz emakumezkoen bigarren mailan eta arbitro laguntzaile emakumezkoen lehengo mailan eta gizonezkoen hirugarrenean"



Zer asmo duzu aurtengo denboraldiari begira?

Lehen maila bi multzotan banatuko dute: A eta B.  B multzoan sartzen saiatuko naiz, eta hortik ea lehen mailara igotzeko aukera dudan. Mutilen kategorian, aldiz, laguntzaile gisa hasi eta mailaz ahal bezainbeste igotzen saiatuko naiz.

Urrunera iristeko asmoa duzu, beraz.

Gizonekoen kategorian gorenera heldu nahi dut, bigarren edo lehen mailara. Emakumezkoen kategorian, aldiz, arbitro bezala lehen mailara igo nahiko nuke, edo arbitro-laguntzaile bezala, berdin zait.

Zer egin behar duzu arbitro bezala mailaz igotzeko?

Ikastaro bat egin behar duzu lehenbizi. Kategoria baxuenetan arbitratzen hasten zara: umeak, kadeteak... ondo moldatzen zarela ikusten dutenean, kategoriaz igotzen zaituzte.

Partidetara “informatzaileak” doaz, zure alde on eta txarrak ikusteko eta horren araberako nota jartzeko. Horrez gain, proba fisikoak ditugu urtean bizpahiru aldiz. Kontrol bat ere egiten dugu, eta kasu batzuetan zure ingeles maila kontuan hartzen dute.

 

"Jendea metro batera dago zu iraintzen eta harmailetako txapak kolpatzen. Emakumeen kategorietan, aldiz, ezberdina da"

 

Gauza asko kontatzen dituzte: puntuazioak, txistenak, azterketan atera dituzun emaitzak, eginiko partida kopurua...

Arbitroek presio handia dutela esan ohi da. Nola bizi duzu zuk?

Ez da berdina umeen kategoriako partida bat arbitratzea edo hirugarren mailako batean aritzea. Azken hauetan jendea metro batera dago zu iraintzen eta harmailetako txapak kolpatzen. Emakumeen kategorietan, aldiz, ezberdina da.

Zergatik?

Errespetu handiagoa dagoelako, ez dizute iraintzen, gauzak esaterako orduan berdin oihukatzen duten arren.

Gizonezkoen partidetan presio gehiago daukagula esango nuke. Ezberdina da emakumezkoen norgehiagoketara doan jendea, baina uste dut emakumeen partidetara jende gehiago joango balitz presioa handitu egingo litzatekeela.

Gizonezkoen norgehiagokak telebistan agertzen dira, eta hirugarren mailakoak ere grabatzen dira, internet bidez igortzeko. Emakumezkoenak, aldiz, ez.

 

"Arbitratu nuen lehen partidetako batean, Laudion, bi gizon oihuka hasi zitzaizkidan. 'Mujer tenias que ser!', esaten zidaten. Partida gelditu eta entrenatzailearengana jo nuen, pertsona horiek zelaitik kanporatzea eskatzeko"



Umeen partidetan gurasoak oso oldarkor jartzen direla esan ohi da.

Bai, asko pasatzen dira. Albisteetan ikus daiteke kasu batzuetan zelaira ere salto egiten dutela arbitroa jotzeko. Ez dut ulertzen.

Zuk halako egoerarik bizi izan duzu?

Haur kategorian ez asko. Baina arbitratu nuen lehen partidetako batean, Laudion, bi gizon oihuka hasi zitzaizkidan. “Mujer tenias que ser!”, esaten zidaten. Ez nengoen halakoak entzutera ohituta. Partida gelditu eta entrenatzailearengana jo nuen, pertsona horiek zelaitik kanporatzea eskatzeko. Hori izan zen nire lehen esperientzia.

Gehienetan errespetatu naute. 17 urte ditudanez, eta txikia naizenez, nire gainetik pasa daitezkeela sumatzen dute. Baina hitz egiten dudanean argi ikusten dute ezingo dutela nirekin. Janzkera-arauak betetzen dituztela ikustera noanean, jokalariak konturatzen dira oso serioa naizela, eta horrek eragina du nirekiko duten errespetuan.

 

"17 urte ditudanez eta txikia naizenez nire gainetik pasa daitezkeela sumatzen dute. Baina hitz egiten dudanean argi ikusten dute ezingo dutela nirekin"



Zer ezaugarri behar ditu izan arbitro batek?

Mila begirekin egon behar zara. Arbitro laguntzailea zarenean jokoz kanpokoak ikusi behar dituzu, baloia lineatik ateratzen den edo ez zaindu behar duzu, zure gunean faltarik dagoen... laguntzaile bakoitzak bere gunea du, eta hori zaintzera mugatu behar gara. Gertatu dena argi ikusten ez dugunean arbitroari uzten diogu erabakia. Jokaldi konprometituak direnean ere berak ebazten du.

Ez diozu jaramon egin behar zelaiaren barrutik edo kanpotik etortzen zaizkizun komentarioei. Partida bakoitza mundu bat da, unean uneko egoera interpretatzen jakin behar duzu.

Eta partiden erritmoa oso azkarra da, gainera.

Hori da. Ezin zara pertsona batekin hitz egiten geratu, partida aurrera doalako. Adi egon behar duzu uneoro, pilotara begira, ezin duzu ezer galdu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide