Urtero bezala, azaroaren etorrerarekin Laudio Ibarra Krosa antolatu du Laudioko Atletismo Klubak. Aurtengoa XXXIV. edizioa izango da eta azaroaren 18an ospatuko da, Ellakuriko igerilekuko landetan.
Alberto Talledok, Laudioko Atletismo Klubeko presidenteak, adierazi du berrikuntzekin datorrela aurtengo edizioa: “ibilbidea hobetu dugu, aurtengo zirkuitua azkarragoa da”.
Lasterketa herrikoia
Iaz bezala, aurten ere proba herrikoia antolatu du Atletismo Klubak. Gauzak hala, federatu gabeko senior eta master kategorietako kirolariek 5.000 metrotako lasterketan parte hartu ahalko dute. Proba herrikoia goizeko 10:00etan abiatuko da, federatuen lasterketen aurretik.
Izena emateko epea azaroaren 16ra arte egongo da zabalik, 5 euroko kostua izango du eta clubatletismolaudio@gmail.com helbidera mezu bat bidalita egin beharko da.
Federatuen lasterketetan inskripzioa Espainiar Atletismo Federazioaren bitartez egin behar direla gogorarazi du Talledok.