Indian zabiltza. Zertarako joan zara bertara? Noiz arte egongo zara?
Ikasten ari garen graduan (Leinn) enpresa bat sortu genuen hasieratik, eta urtero munduko leku batera joan ohi gara. Han, kultura ezberdinak ezagutzeaz gain, hainbat proiektu lantzen ditugu bertako jendearekin batera, bestelako ekonomietan negozio anitzak aurrera eramaten ikasteko. Urte hau nahiko mugitua izan da: urtarrilean Estatu Batuetan egon ginen hilabete batez, behin uda pasata Indiara etorri gara 2 hilabetetarako. Baina hau ez da aurtengo azkeneko abentura, Indiara joan ondoren beste bi hilabete pasatuko ditugu Txinan.
Nola da Indiako bizitza?
Gure eguneroko bizitza nahiko kaotikoa da, Euskal Herriarekin alderatuta. Hemen egiten dugun gauzarik garrantzitsuena bertako jendearekin harremanak sortzea da, azkenean bilera horietatik ateratzen dugu gure negozioa sortzeko behar dugun informazioa.
Ezberdintasunei dagokienez, gauza sinpleenak dira nabarienak: semaforo eta espaloirik gabeko kaleak, trafiko zoroa, usain ezberdinak… Baina egunerokoan sumatzen dugun gauzarik nabarmenena tratu pertsonala da, bai haien artean eta bai gurekiko.
Elefante sakratuak, Bollywood... badaude Indiarekiko hona etorri diren hainbat estereotipo. Egia dira?
Egia da haien jaialdietan elefantearen irudia leku guztietan ageri dela, baina animaliarik nabarmenena behia da: behi-talde batengatik trafikoa blokeatzea ohikoa da. Eta Bollywoodi dagokionez… Taxian batez ere entzuten dugu, baina egia da gu gauden auzoa nahiko europarra bihurtu dela eta mota guztietako musika entzuten dugu, baita betiko tabernetan entzuten den reggaetoia ere.
Janari aldetik ere ezberdintasunik sumatu duzu?
Indian ikasi genuen lehenengo gauza izan zen jatetxe batean “lasai, ez da oso pikantea” esaten dizutenean, hori ez sinestea!
Hizkuntza aldetik, nola moldatzen zara?
Haien ingelesa ez da hoberena, baina azkenean gutxi gora behera moldatzen gara. Kontua da naiz eta ingeles oso ona ez izan gehienek ahaleginak egiten dituztela era batera edo bestera uler gaitezen. Orain arte ikasi dudan hitz bakarra “pani” da, “ura” esan nahi du, eta horrekin moldatzen gara.
Pobrezia eta ezberdintasun sozialen aldetik, zer nabarmenduko zenuke?
Zerbait azpimarratu beharko banu esango nuke pobrezia aldetik ume asko ikusten direla kalean diru eske. Hain da ikusgarria hainbeste ume ikustea gaueko orduetan diru eske, baina txarrena da ezin diezula dirurik eman ume horiek mafien parte direlako, eta dirua ematen badiezu mafiek diru hori kenduko diete eta ezer gabe geratuko dira berriro ere. Umeei, dirua baino, janaria ematea aholkatu digute.
Begiz ikusi daitezkeen desberdintasunez aparte, India aukeraz betetako herrialdea da. Behin irakasle batek esan zigun bezala, Indian zaudenean bakarrik ikusi eta sentitu ditzakezu gauza txiki horiek. Bertako jendeak ere badu zerikusia horretan, ilusioz eta ametsez beterik dauden pertsonak baitira.