Koherentea da drogen kontsumoarekin kritiko izatea eta, aldi berean, substantzia debekatuen legalizazioaren alde egitea? Bai, erabat. Izan ere, kontsumo zentzudunak ez du zerikusirik status legalarekin. Bistakoa da tabakoaren, alkoholaren eta psikofarmako eta botika arrunten kontsumoa ez dela zentzuzkoa gizartean.
Berez, neurririk gabeko drogen kontsumoak ez dauka harremanik legearekin, baizik eta sistema kapitalistarekin. Bizirauteko kontsumismoa sustatzen duen sistemak drogen gehiegizko erabileran dauka isla. Norbanako eta komunitate kritikoak izaten ez badugu ikasten, kontsumo arriskutsuetan erortzeko arriskuan egongo gara etengabe, eta ez soilik drogekin, ludopatia ere hor dago eta jokoa legala da.
Drogak legez kanpo egoteak ez du errazten kontsumo kritiko eta mugatua ezartzea. Esaterako, ilegalizazioak ez du laguntzen drogen kalitatea bermatzen (pozoi hutsa izan ez daitezen), ezta adin gutxikoen kontsumoaren kontrolean (merkatu beltza da dena). Horrez gain, legez kanpo egiten den diru azkarra, ustelkeria, mafia eta biolentzia sortzeko bide zuzenena da, inork ez baitaki nondik nora mugitzen den diru hori.
Aldi berean, argi izan behar dugu drogak legeztatzeak ez duela bukatuko substantzia horiek eragiten dituzten arazoekin, baina horiei aurre egitea erraztuko du, behintzat.