EH Bilduren politika fiskala kritikatu du EAJk, 2019ko ordenantza fiskalengatik

Txabi Alvarado Bañares 2018ko urr. 24a, 17:11

EAJko kideak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Aurreproiektuak herriaren etorkizuna “hipotekatzen” duela salatu dute jeltzaleek. EH bilduk, bere aldetik, EAJren oharrean hainbat gezur esaten direla salatu eta iragarri du ez duela aurreproiektua plenora eramango.

Mahai gainean dago Laudioko Udalaren politika fiskalaren gaineko eztabaida. EAJk prentsa-oharra plazaratu du 2019rako ordenantza fiskalen aurreproiektua kritikatzeko. Alderdi Jeltzaleak salatu du udalaren zerbitzuen koste erreala jakiteko aurretiazko ebaluazio lanik gabe gauzatu dutela aurreproiektua.

Horregatik, udal gobernua Laudioren etorkizuna “hipotekatzen” ari dela uste dute jeltzaleek. “Minimo batzuetan oinarritutako aurreproiektua da, tasa batzuk izoztean eta artikulu batzuen derrigorrezko zuzenketan oinarritzen dena”, salatu dute opozisioko taldeko kideek. Horregatik, EAJren aburuz, udala gaur egungo araudi fiskalarekiko “zaharkitua” geratu da EH Bilduren “utzikeriaren” ondorioz. Horri gehitu diote “zerga-bilketan dagoen atzerapen larria”. “Irailean 2016ko tasetako batzuk kobratzeari ekin zitzaion, baina oraindik jasotzeke daude 2017 eta 2018koak. Auzokide batzuk ez dira gai izan eskatzen zitzaien dirua zein urteri zegokion asmatzeko”.

Jeltzaleek salatu dute behin baino gehiagotan eskatu dutela udalak eskaintzen dituen zerbitzuen kostua zehaztuko duen txosten bat egitea. “Baina EH Bilduren jarrera erabateko desinformazioan oinarritu da”. Era berean, tasak izoztea kritikatu dute jeltzaleek, Europar Batasunak 2020. urterako jarritako helburuak ez betetzea dakarrela argudiatuta.

Era berean, jeltzaleek jakinarazi dute “urtebete” daramatela gaiaren gaineko ekarpenak egiten. “Ez du ezertarako balio EH Bilduk orain premiazko ekarpenak eskatzea aurreproiektu baterako”.

EH Bilduren erantzuna
Udal gobernuak, bere aldetik, nabarmendu du EAJk ez duela batzordeko eztabaidetan parte hartu. “Hiru batzorde egin ditugu, horietako batean ez zen EAJko ordezkaririk egon eta beste bi bileretan ez dute ekarpen bakar bat ere egin”, azaldu du Jon Ander Altube alkateordeak, “Omniarekin, adibidez, elkarrizketa egon da. Baina EAJren jarrera betikoa izan da: ahal den guztia egitea dena blokeatzeko”.

Jeltzaleen oharrean “gezur asko” agertzen direla salatu du EH Bilduko ordezkariak. “Zerga bilketan dauden atzerapenak politika fiskalaren gaineko eztabaidarekin nahastu ditu, udalaren egoera ekonomikoa oso ona denean eta inbertsioak egiteari utzi ez zaionean. Horregatik, oso gezur larria iruditzen zaigu EAJk botatakoa”. Altuberen ustez, jeltzaleek gauza bat ezkutatu nahi dute: “euren eredu fiskala PPren berdina dela”.

Ez dute plenora eramango
Gauzak hala, alkateordeak iragarri du ez dutela 2019ko ordenantza fiskalen aurreproiektua plenora eramango, “adostasun nahikoa” ez dagoela iritzita. “Omnia abstenitu egingo da, bere proposamenetako batzuk txertatu ditugulako. Baina EAJk argi eta garbi esan du ezezko botoa emango duela".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide