Estilo aldaketa nabarmena sumatu daiteke plazaratu dituzun azken abestietan. Zergatik eman duzu biraketa hori?
Hainbat disko grabatzetik nentorren. Artista gisa ilusioa egiten dizu zure lana argitaratu eta esku artean izateak. Baina errealitate gordinaz konturatzen zara gero: fast-food musikaren garaian gaudela, azkar zabaldu, kontsumitu eta ahazten den musika.
Gauzak hala, jendearengana heltzeko modurik azkarrena bideoklip baten bidez da gaur egun, argi dago. CD formatua ahanzturan geratzen ari da. Horregatik, orain "bideo-singleak" erabiltzen ari naiz nire lana plazaratzeko.
Aldatu egin da baita ere nire musika ulertzeko era. Orain ez naiz reggae-dancehall artista kontsideratzen, estilo hori jorratzen jarraitzen dudan arren. Artista bat kontsideratzen naiz, orokorrean. Gustuko ditudan alor guztietara ireki nahi dut nire burua, digitaletara batez ere.
Ez zara musikara mugatuko, beraz.
Duela gutxi LK Visuals plazaratu genuen. Zigilu txiki horren bidez plazaratuko ditugu bideoak, bitartekaririk gabe. Nik neuk ekoitzi eta nahasten ditut nire abestietako instrumental gehienak.
Aldatu duzu musika mota. Zergatik?
Estilo aldaketa egin dut nik entzuten dudan musikan ere aldaketa eman direlako. Musika jamaikarra asko aldatu da.
Lehen doinu indartsuagoak baliatzen ziren. Hemen ohituagoak gaude mota horretako soinuetara. Baina badaude beste erregistro batzuk, eta horiek probatzen ari naiz orain. Estilo horietan eroso nagoela konturatu naiz, eta nire burua prest ikusten dut lehen egin ezin nituen gauza batzuetarako.
2000ko dancehall puru baten ordez tropical house-a egiteari ekin diot, adibidez. Berdina da, funtsean, baina bigarren estiloa askoz komertzialagoa da, jatorria Jamaikan izaten jarraitzen duen arren.
Musikaz gain, letrak eta kontzertuak emateko modua ere aldatu duzu?
Badaude aldaketak. Erregistroa ezberdina da, aurretik egiten nituen gauza batzuk ere baliatzen ditudan arren. Nire pentsatzeko modua ere aldatu egin da.
Orain ez ditut letretan gauza berdinak islatu nahi. Nire antzinako letra batzuk gustuko ditut, baina oraindik ez ditut doinu berriak -tropical, trap...- taula gainean plazaratu. 10-12 abesti berri sortu nahi ditut lehenbizi, ikuskizuna erabat aldatu ahal izateko. Bien bitartean berdin jarraituko dut.
Trapak gorakada handia izan du azken urteetan. Nola bizi izan duzu zuk?
Hip-hoparen eta raparen mundutik nator ni, horregatik ez zait trapa asimilatzea kostatu. Ulertzen dut estilo horretako letra ez direla dauden onenak, nik ere ez ditut gustuko askotan.
Trapan, beste edozein musikan bezala, argitasuna eta iluntasuna daude. Estilo guztietan topatu dezakegu kaka eta kalitate ona. Traparen munduan kalitate handiko artistak daude, baina zatirik handiena zaborra da.
Horrek ez du esan nahi ez dudanik gogoko uneren batean inolako zentzurik ez duen abestiren bat entzutea. Baina gaur egun soinu digital freskoa bilatzen saiatzen naiz, zerbait esango didana. Drake musikari estatu batuarra da nire erreferentzietako bat. Beti izan dut gustuko, baina orain gehiago jarraitzen ari naiz egiten ari dena.
Nola bermatzen duzu transmititu nahi duzun mezuaren sakontasuna gaur egungo garai azkarrek eskatzen dituzten erritmoekin?
Aldaketak oso azkar geratzen ari dira. Nire letrak beste modu batekoak dira. Ez dut biolentziaz hitz egiten, YouTubera igota ditudan abesti guztiak egietan oinarritzen dira, hasieratik amaierara arte.
Horregatik, orain gehiago nekez egiten ditut letrak, ildo hori jarraitu nahi dudalako, Spielberg edo Tarantino izateko gogorik gabe. Baina idazten ari naizena askoz sakonagoa da eta askoz gehiago asetzen nau, eta jendearengana gehiago iristen ari da.
Nik gustuko dut trap musika, instrumentalak gehienbat. Baina traparen atzean dagoen bizitza estiloa ez dut batere gogoko. Laudion ezin dituzu gangster plantak egin.
Outfita (kanpo itxura) ere bada kontuan hartzeko zerbait. Behetik hasten den norbait baliteke kanpo itxura landu behar izatea arreta deitzeko. Horrek asko deitu dit arreta, erabat aldatu da gazteen janzkera.
Zein proiektu dituzu esku artean?
Asier Mateorekin bildu nintzen duela gutxi bideoklip batzuk grabatzeko. Iñigo Bilbaorekin lanean nago une honetan. Urdulizekoa da eta oso ondo lan egiten du. Berak grabatzen ditu bideoklipak, baina bion artean editatzen ditugu.
Baditut hainbat single. Trap, afrobeat, tropical house.. estiloak jorratzen ditut. Badut baita abesti nahiko “diskotekero” bat, dantzagarria baina mezuarekin. Kanta hori izango da asimilatzeko zailena entzulearentzako, seguru asko. Oso freskoa eta beharrezkoa iruditzen zait. Hilean "bideo-single" bat plazaratzeko asmoa dut.
Musika kontsumitzeko eta bizitzeko modu ezberdin horrek zer isla du Aiaraldean?
Aiaraldean reggaea entzuten da batez ere, sound system mugimendua sortu zenetik dena masiboagoa izan da. Baina zailagoa da musika digital modernoagoa jorratzen duten artistak ikustea.
Ohituagoak gaude reggae, ska, roots edo dub estiloetara, doinu klasikoagoetara. Hemen kostatuko da bidea egitea, mota horretako musika askoz gehiago kontsumitzen baita kanpoan. Espero dut aldaketa iristea.