Film laburren lehiaketa jarri du abian Orozkoko Supelaur elkartek, hirugarren urtez jarraian. “Hogei urte daramatzagu herrian filma laburren jaialdiak antolatzen”, azaldu du Andres Larrinagak, “baina duela hiru urte lehiaketa propioa sortzea erabaki genuen, herriko jendearen parte hartzea sustatzeko”.
Hala ere, elkarteko kideak nabarmendu du parte hartzeko ez dela beharrezkoa izango orozkoarra izatea. “Euskal Herri osoko lagunak izango dira ongietorriak”. Bideoek hiru baldintza baino ez dituzte bete beharko: gehienez 15 minutuko iraupena izatea, Orozkok presentzia izatea eta euskaraz grabatuak edo azpititulatuak egotea.
Azken eguna, abenduaren 10a
Posta elektroniko bidez bidali beharko dira lanak, supelaurkt@gmail.com helbidera. Abenduaren 10era arte egongo da horretarako tartea. Hiru sari egongo dira. Lehena 300 eurokoa izango da, bigarrena 150 eurokoa eta 100 eurokoa, aldiz, hirugarrena. Supelaur elkarteko kide batek eta udaleko Kultura Saileko ordezkariak egingo dituzte epaile lanak.
