Udal hilerriko eskailerak ordutegi berezia izango du egun hauetan. Gaur 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30etara egongo dira udal langileak herritarrei senideentzako loreak jartzen laguntzen. Bihar egun osoa egongo dira, 9:00etatik 20:00etara, Domu Santu eguna izango delako. Ostiralean 9:00etatik 18:30etara egongo dira eta larunbat eta igandean 10:00etatik 13:00etara eskainiko dute zerbitzua. Hilerriaren ordutegia, baina, betikoa izaten jarraituko du: 9:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.
Modu horretan eman nahi diote soluzioa eskaileraren erabileraren aferari. Udalak jakinarazi du aurrerantzean tokiko erakundeko langileek soilik erabili ahal izango dute eskailera, “altuera eta segurtasun kontuengatik”. Oraindik zehazteke dute zein izango den eskailera zerbitzuaren ohiko ordutegia. “Udal langileak goizero egongo dira, baina hilean behin arratsaldez ere zerbitzua eskaintzea baloratzen ari gara”, aurreratu du Amets Meatza alkateordeak.
Liskarrak Udal Osoko Bilkuran
Tentsio handia egon zen astelehenean Laudioko Udal Osoko Bilkuran. Aurretik tira-bira ugari egon ziren arren, hilerriari buruzko puntuan egin zuen eztanda egoerak. Omniak eta Txaro Sarasuak gaiari buruzko mozio bana aurkeztu zuten gai ordenatik kanpo. Alderdi laudioarrak bere lehenago aurkeztu zuenez, Sarasuarena alternatibo gisa lantzea proposatu zuen idazkariak. Zinegotzi independenteak erabaki horren aurka protestatu zuen, bere mozioak izaera propioa zuela esanez. “Gaur goizean aurkeztu dut, urgentziaz eta gai ordenatik kanpo”, adierazi zuen. Idazkariak erantzun zion udal arautegiak ez duela onartzen gai berari buruzko bi mozio pleno berean aurkeztea.
Egoera ikusita, hamar minutuko etenaldia egin zuten gaia eztabaidatzeko. Denbora tarte horretan tentsioak nabarmen egin zuen gora. “Ez dugu onartuko orain ikusi duguna bezalako ikuskizunik berriz errepikatzea”, adierazi zuen Jon Ander Altube alkateordeak, eta Txaro Sarasuari egotzi zion horren ardura. Alkateordeak honako proposamena egin zuen: bi mozioak mahaitik kentzea eta plenoa amaitzean gaiari buruzko bozeramaile batzordea egitea. Omnia begi onez ikusi zuen proposamena. Sarasuak, aldiz, ez. Gauzak hala, zinegotzi independenteak ez zuen bere mozioa erretiratu, baina ez zuen testua gai ordenan sartzeko bozka nahikorik lortu.
Erregu eta galderen atalean tentsioa ez zen baretu, bere txanda heldu zenean Sarasuak hilerriaren gaiari heldu ziolako berriz. Afera hori bozeramaileen batzordean landuko zutela gogorarazi zion Altubek. Liskarrak ugaritu ziren eta alkateak bertan behera utzi zuen plenoa, “etengabeko errespetu faltengatik”. Handik minutu gutxira egin zuten batzorde hori. Omniak oharra plazaratu du plenoan eta gero eginiko bileran gertatutakoa “ikuskizuna” izan zela adieraziz. "Guk ez dugu halakoetan parte hartuko ez eta sustatuko".
EH Bilduk, bere aldetik, jarrera “oportunista” izatea egotzi dio Omniari gaur eginiko prentsaurrekoan. “Iazko pleno batean Alvaro Barriosek -Omniaren garai hartako bozeramaileak- adierazi zuen behin hilerriko eskaileratik erori zela eta segurtasuna bermatu egin behar zela. Ba hori da, hain zuzen, orain egin duguna”.