Kalistenia parkean eta kirol azpiegituretan 65.000 euro inguruko inbertsioa abiatu du udalak

Aitor Aspuru Saez 2018ko aza. 1a, 18:00

Kalistenia praktikatzeko parkea bidean dagoela jakinarazi dute udal ordezkariek.

Laudioko Udalak jakinarazi du kirol esparruan 65.000 euro inguru inbertitzeari ekin diola. Alde batetik, kalistenia parkea egiteko kontratazio espedientea hasi du 35.000 euroko aurrekontuarekin. Bestetik, hainbat hobekuntza prestatu du hainbat kirol azpiegituretan.

Laudioko Udalak jakinarazi du kalistenia parkea eraikitzeko kontratazio prozedura abiatu duela. Buletinean plazaratu eta gero, enpresek 10 egun izango dituzte eskaintzak egiteko, eta 6 aste gauzatzeko.

Gimnasia egiteko gune hori eskatzeko sinadura bilketa egin zuten zenbait gaztek, eta laster Goikogane kaleko plazan kokatuko dute. 35.000 euro erabiliko dituzte horretarako eta 144 metro karratuko zabalera izango du parkeak.

Udal langileek atonduko dute zorua eta enpresa pribatuak instalatuko ditu tresnak: barrak, bankuak eta abar, abdominalak eta antzeko ariketak egin ahal izateko.

Kirol azpiegituretan 30.000 euro
Horrez gain, Laudioko Udalak hainbat tamainetako lanak gauzatu ditu hainbat kiroli dagokienez. Kiroldegian igerilekuen kortxo-ilarak aldatu dituzte eta uretako gerrikoak ere berritu dituzte, 2.100 euro baliatuta. Halaber, aulki gurpilduna erosi dute 1.050 euroren truke. Sauna ere ordezkatuko dute 7.440 euroko gastua eginda.

Horrez gain, tatami zorua jarri dute yoga gelan 2.350 euroko inbertsioarekin eta gimnasioan zenbait tresna aldatu dituzte: 2 bizikleta estatiko eta bizikleta eliptiko bat jarriko dituzte 5.000 euro horretara bideratu ostean. Korrika egiteko zinta berria ere egongo da eta 2.300 euro balio izan ditu.

Aldageletan ere esku hartu dute eta umeentzako aulkia eta aldatzailea egongo dira aurrerantzean erabilgarri. Eskubaloi taldeak, aldiz, ate berriak izango ditu. Aipatutako berrikuntza guztiak Granja kiroldegian egin dituzte.

Bestalde, San Martingo futbol zelaian aritzen diren taldeak esku-ohe berriarekin hornitu dira eta atletismo taldeak koltxoneta estaltzeko gurdia izango du. Horrekin saihestuko dute haizeak eramatea. 3.900 euro balio izan du tresnak.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide