Hitzaldi informala eskaini zuen atzo arratsaldean John Finnie eskoziarrak Laudioko udaletxeko Osoko Bilkura aretoan. EAEko Polizia Legearen gainean Eusko Legebiltzarrean ematen ari den eztabaidan aditu gisa parte hartzeko etorri da Finnie Euskal Herrira. Horrez gain, begirale gisa dago Iñigo Cabacasen heriotza dela eta egunotan egiten ari diren epaiketan.
Eskarmentu handia du eskoziarrak. 1976. urtean hasi zen polizia gisa lan egiten. Egun erretiratua dago, baina parlamentari gisa jarduten du Edinburgon, Alderdi Berdearekin. Eskoziako polizia eredua izan zuen hizpide Eusko Legebiltzarrean eskaini zuen hitzaldian, eta Laudion ere gai berdina jorratu zuen atzo.
Ordezkari publiko ugari bertaratu ziren solasaldira: Laudioko Udaltzaingoko kideak, Laudioko Ertzaintzako burua, Arrankudiaga-Zolloko, Arakaldoko eta Laudioko alkateak, Julen Arzuaga legebiltzarkidea, udal-langileen ordezkari sindikalak eta EH Bildu, PP edota EAJko ordezkariak, besteak beste.
“Komunitatearen parte den polizia”
Finniek hitzaldian azaldu zuenez, duela 5 urte ekin zitzaion Eskozian eredu poliziala aldatzeari. “Eskozian gaur egun duguna ez da eredu perfektu bat, baina merezi du beste toki batzuetako funtzionamenduak ikustea. Guk Suedia edota Herbehereetako ereduei erreparatu genien”.
Bere hitzetan, herritarren kezka eta beharrizanei erantzun behar die poliziak. “Bide horretatik ari gara Eskozian. Etorkizunean polizia gutxiago izango ditugu, baina aditu gehiago egongo dira, poliziei euren jardunean -ziberkrimenaren aurkako borrokan, kasu- lagunduko dietenak”.
Emakumeen presentziaren garrantzia ere nabarmendu zuen polizia ohiak. “Eskozian polizien % 40a inguru dira emakumezkoak, eta geroz eta gehiago dira gutxiengo etnikoetako kideak. Polizia komunitatearen parte izan beharko litzateke, ez aparte dagoen zerbait”.
Suzko armen erabilera
Eskozian polizien %3ak baino gutxiagok daramatza suzko armak soinean, Finnieren hitzetan. “Nik ez nuen inoiz suzko armarik eraman soinean. Ulertzen dut iritzi ezberdinak egotea eta polizia batzuek suzko armak eskura nahi izatea, eta egia da kasu batzuetan mota horretako tresnak erabili behar direla. Baina erabili behar ez diren kasuetan, zergatik eraman soinean?”.
Eskozian batzorde berezi bat dago, “poliziaren aurkako kexa serioak” ikertzea xede duena. “Polizia batek borra ateratzen duen bakoitzean txosten bat osatu behar du”.
Iñigo Cabacasen auzia dela eta
Iñigo Cabacasen heriotza dela eta egunotan egiten ari den epaiketaren harira, Finneik azaldu zuen Eskozian poliziak badituela gomazko balak. “Baina nik ez nekien genituenik ere, inoiz ez direlako erabiltzen. Oso kasu puntualetan erabili izan dira. Behin suzko arma bat zeukan baten aurka jarduteko erabili ziren, suzko armen ordezko gisa”.
Cabacas zauritu zuten kalean egon da Finnei. “Ez dakit nola erabili daitezkeen gomazko balak horrelako kale batean”. Eskozian antzeko kasu bat gertatu izan balitz beste modu batera landuko litzateke, parlamentariaren aburuz. “Kasua poliziaren eskuetatik kenduko litzateke berehala, eta ez lirateke sei urte beharko epaiketa egiteko. Gomazko piloten ordez suzko armak erabili izan balira, inplikatutako poliziak guztiak euren ohiko jardunetik kanpo geratuko lirateke, kasua argitu arte”.