Laudioko antzoki proiektuaren lehiaketa etetea erabaki du Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoak (OARC), Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak lehiaketaren oinarrien gaineko helegite bat aurkeztu duelako. Elkargoaren aburuz, lehiaketaren oinarriek lehia mugatzen dute, arkitekto askok ezin dituztelako bertan zehaztutako hainbat baldintza tekniko eta profesional bete.
Helegitearen arabera, proposamen irabazlea hautatzeko fasearen diseinuak ez ditu anonimotasun irizpideak betetzen. Horrez gain, zenbait betekizun “gehiegizkoak” direla uste du elkargoak, “lehen hautaketa fasean eraikinaren maketa aurkeztea eskatzea edota gutun-azalak aurkeztean tasak ordainaraztea kasu”.
Bi hilabeteko etenaldia
Gauzak hala, lehiaketa geratzea erabaki du OARCek kautelazko neurri gisa, helegitea aztertu eta ebatzi arte. Errekurtsuen organoak helegitea onartzen badu lehiaketaren oinarriak aldatu beharko dira, eskatutako aldaketak sartzeko.
Jon Ander Altubek adierazi du bi hilabeteren buruan izango dutela ebazpenaren berri. Alkateordeak iragarri du azaroaren 19an egingo duten Hirigintza Batzordean landuko dutela gaia, baina nabarmendu du borondate osoa dutela proiektuarekin aurrera jarraitzeko. 347.391 euro bideratu ditu udalak antzokiaren egikaritze proiektua gauzatzera.