Oñatiko espazio publikoei buruzko jardunaldiak bisitatzen abiatuko da Kulturkon kultura kongresua

Txabi Alvarado Bañares 2018ko aza. 14a, 17:07
Oñatiko Eltzia eraikina bisitatuko dute, "inspirazioa bilatzeko". / Beñat Irasuegi

Horrez gain, bilera irekia egingo dute datorren astean, Arabako Foru Aldundiak Kultur Etxean egingo dituen obren nondik norakoak azaltzeko.

Abian dago Kulturkon Kultura Kongresua. Laudioko Kultura Asanbladak sortu du egitasmoa, herriko elkarte, eragile zein norbanakoak kulturaren inguruan hausnartzen jarri eta adostasuna lortzeko.

Oraindik ez dute behin betiko egitaraua zehaztu, baina lehen ekintza aurkeztu dute. “Inspirazio ibilaldia” egingo dute ostiral honetan Oñatin espazio publikoen kudeaketari buruzko jardunaldietan. Eltzia eraikina bisitatzeko profitratuko dute bidaia. Mondragon taldearen eraikin hori hutsik geratu zen duela zenbait urte, eta kultura eta sorkuntza topaleku bihurtu dute.

Eltziako kideek hartuko dute hitza jardunaldietan, antzeko beste lau proiektuetako kideekin batera: Can Battló (Bartzelona), Bentaranoa (Getxo), Plazara (Iruña) eta CSC Luis Buñuel (Zaragoza). “Apurka apurka zabaltzen ari da espazioen auzo-kudeaketa sistema”, azaldu dute Kultura Asanbladako kideek. Horregatik, mota horretako esperientziak ezagutu nahi dituzte, Kultura Kongresuari begira baliagarriak izan daitezkeelako.



Oñatira joateko ordua jarri dute ostiralean, 16:00etan Musika Etxearen parean. 22:00ak aldera itzuliko dira, eta interesa duen herritar orori zabaldu diote bidaian parte hartzeko gonbita. Bihar -azaroak 15- izango da izena emateko azken eguna,  laudiokokulturasanblada@gmail.com helbidera mezu bat bidalita. Parte hartzea doakoa izango da, eta bidaiaren gastua guztien artean ordainduko dute.

Egitarauak, bi ardatz
Asanbladako kideek aurreratu dute Kultur Kongresuaren egitarauak bi ardatz izango dituela. Alde batetik, herriko kulturari buruzko hausnartzeko hitzaldia, tailer eta dinamikak egingo dituzte.

Bestetik, kultura ekintzen programazioa atonduko dute, ekimena jendarteratzeko balioko duena. Interesa duen elkarte eta norbanako oro arestian aipatutako helbide elektronikoaren bidez jarri daiteke harremanaten asanbladako kideekin.

Kultur Etxeko obrei buruzko bilera irekia, datorren astean
Datorren asterako beste zita bat jarri dute Kultura Asanbladako kideek. Arabako Foru Aldundiak Kultur Etxean egingo dituen obrak azaltzeko bilera irekia egingo dute. Kongresuaren lehen fasea ere aurkeztuko dute, eta bigarrena lantzeari ekingo diote. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide