Laudioko EAJk oharra plazaratu du salatzeko Laudioko Udalak hainbat hornitzaileri berandu ordaintzen diela. “Penagarria” da egungo udal-gobernuaren ordainketen kudeaketa, jeltzaleen ustez, “ordainketa epeak 2-3 hilabete artekoak ziren lehen, baina orain kasu batzuetan 7 hilabetekoak izatera pasa dira”. Hainbat hornitzaileren haserrea ekarri du horrek, EAJren aburuz, “enpresa batzuentzat jasangarria ez diren egoerak sortu dira”.
Udalaren berankortasun txostenek hori baieztatzen dutela nabarmendu du oposizioko taldeak. “Zifrek euren kabuz hitz egiten dute: Legezko epetik kanpo ordaintzeke jarraitzen duten fakturen zenbatekoa 441.287 eurokoa izatetik ia 700.000 eurokoa izatera pasa da 2018ko azken hiruhilekoan”. Hiru hilabeteko atzeraldiak dituzte fakturen kasua “premiazkoagoa” dela gaineratu dute jeltzaleek: “urteko lehen hiruhilekoko zifra ia hirukoiztu egin da, ia 430.000 eurokoa izatera iritsiz”.
Gauzak hala, gaiari buruzko azalpenak eskatu dizkio EAJk EH Bilduren udal gobernuari. “Berankortasun txostenak azaltzen duenez, EH Bilduren kudeaketa txarrak ez du tasen ordainketak edota elkarteen diru-laguntzak soilik atzeratzen... enpresei ere eragiten die, pertsona askoren enplegua bermatzen duten enpresei”.
EH Bilduk adierazi du bihar egingo dituztela gaiari buruzko adierazpenak.