Isa Boveda zinegotziak azaldu du gaur duela 2 urte ekimena abiatu zuela tokiko erakundeak 80 urtetik gorako biztanleen egoera aztertzeko. Astikerrek gauzatu zuen ikerketa eta helburua ziren isolamendua ekiditea eta segurtasunean eragitea.
Xede horiek betetzeko asmoz, Laudioko Udalak hurrengo 15 egunetan bidaliko ditu herriko 200 etxera gutuna, jakinarazteko 80 urtetik gorakoei aukera emango diela su detektagailua instalatzeko.
Horren gastua erakundeak hartuko du bere gain, baina herritarrek onartu beharko dute proposamena. Zinegotziak azaldu du A Tiempo Servicios y Prevención enpresak egingo dituela instalazioak eta derrigorrez egon beharko direla identifikatuak langileak, iruzurrak saihesteko.
Guztira, 17.000 euro bideratu ditu Laudioko Udalak egitasmora eta 2018. urteko amaieran gauzatu nahi du. Izan ere, 2019an 80 urtetik gorako adinduen behaketa hasi nahi du eta horretarako 5.000 euro erabiliko ditu.