"Euskaraldiaren aitzakian, bakoitzak mediku gai bat euskaratzeko konpromisoa hartu dugu"

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko aza. 23a, 16:38
Euskararen presentzia areagotzeko lanean dabiltza mediku egoiliarrak. / Aiaraldea.eus

Osakidetzako txostenak euskaratzeari ekin dio mediku talde batek, osasun alorrean euskarak presentzia eta hizkuntza eskubideak bermatu ditzan.

Txagorritxu erietxean abiatu dute ekimena, osagileen larrialdietako alta-txostenak euskaraz jasotzeko. Eneritz Ugarriza Lado laudioarra da lantaldeko kideetako bat. Duela 3 urte elkartu ziren lehenbizikoz, euskararen erabilera sustatzeko: "Euskararen falta nabaria izan da beti osasun munduan, baina barrenetk ezagutu arte ez zara konturatzen zelako beharra dagoen egoera aldatzeko".

Larrialdi Zerbitzuetako arduradun baten babes eta proposamenarekin heldu zioten erronkari, "Euskaraldia dela eta, larrialdietako alta agiriak euskaratzeari ekin genion". Izan ere, askotan topatu dituzte euskaldun pazienteak: "Zerbitzu hori emateko aukera dugu langileok, baina informeak ez daude euskaratuta. Baditugu agirietarako eskema ereduak, baina erdaraz daude. Hori euskaratzeko lan pila egin behar da, terminologian aldaketa handiak daudelako, horregatik egiten dira gazteleraz".  

Euskaraldia bultzadarako aitzaki
Euskaraldiaren aitzakian, bakoitzak mediku gai bat euskaratzeko konpromisoa hartu du. Horri eskerrak, alta txostenak euskaraz emateko erraztasuna izango dute. Momentuz, Gasteizen egongo dira. Herritarrei -norbanako gisa- bidali diete ahalik eta gehien zabaltzeko mezua: "Belarriprest zein Ahobizi izan, larrialdietako alta txostena euskaraz jasotzea eska zenezake. Baliteke ere, medikuak berak aukera hau eskaintzea. Jakin ez dela beti posible izango, baina beste askotan bai. Euskaraz artatzen bagaituzte, zergatik ez alta txostena euskaraz jaso?".

Osasungintzan euskaraz dakiten profesioanal asko daude, baina gaztelerara jotzen dute maiz. Ugarriza Ladok Osakidetzako zenbait kartel gaizki euskaratuta daudela kritikatu du, erakundeak hizkuntzari ematen dion garrantziaren isla gisa.

Txostenak itzultzeaz gain, barne mailan ere ari dira bestelako urratsak ematen, medikuen hainbat lan-saio euskaraz egiteari ekin baitiete: "Medikuok sesioak egiten ditugu astero, erien kasuak aztertzeko. Normalean erderaz izaten dira, nahiz eta zerbitzuetan euskaldunak egon. Sesioak elebitan egiteko sortu genuen taldea, astearteetan euskaraz eta ostegunetan gazteleraz egiteko. Hor ikusten da dugun prestakuntza eta baliabide falta". 

Mediku egoiliarrek eratu zuten taldea: "Gure nagusiek beti gazteleraz egiten dute, baliabideak ez daude euskaraz...". Horren harira, ikasle batzuen artean lan-taldea sortzea erabaki zuten. "Mediku sesioak gazteleraz zirenez, gure artekoak euskaraz antolatzea erabaki genuen. Ez genuen laguntzarik jaso, hori izan zen gure lehen ekimena".

Aurrera begira, etorkizuneko medikuek dinamikan parte hartzea espero du. "Hainbat egitasmo pentsatzen hasi beharko gara. Gazteak eta euskaldunak garenak, mediku gisa jarraituko dugu bidea. Pazienteari arraroa zaio kontsulta euskaraz hastea, baina nik uste etorkizunean egoera hori aldatuko dugula".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide