Itxaso Escondrillasek eta Helene Arzuagak bermatu zuten Laudio Kroseko garaipena herrian geratzea

Erredakzioa 2018ko aza. 23a, 06:00
Itxaso Escondrillasek lehen postua erdietsi zuen Senior kategorian. / Aiaraldea.eus

Igandean egin zen Laudio Krosa eta herriko bi emakumek eskuratu zituzten garaipenak herri lasterketan eta Senior kategorian: Itxaso Escondrillasek eta Elene Arzuagak.

Laudio Krosa jadanik ez da nazioarteko proba, baina horrek ez du esan nahi erraza denik. Berez, ibilbide aldapatsua eskaintzen die lasterkariei eta askok nahiago dute bestelako hitzorduetara jotzea, horren gogorrak ez direnak.

Hori aintzat hartuta, nabarmentzeko modukoak dira Itxaso Escondrillasen eta Helene Arzuagaren garaipenak Senior kategorian eta herri lasterketan.

Itxaso Escondrillas laudioarra da jatorriz, baina egun Irun eta Burgos artean bizi da. Aspaldi kanpoko klubetan parte hartzen duenez, ez da herriko krosean lehiatu azken urteotan, baina ondo baino hobeto ezagutzen du: "Txikia nintzenetik korrika egin dut Laudio Krosean. Ume eta Junior kategorietan irabazi nuen, baina hortik aurrera krosa nazioartekoa zenez, maila oso handia zen eta urduri jartzen nintzen eta gaizki pasatzen nuen."

Hori bai, 2018ko edizioa berea izan da. "Kanpoko klubetan egon naiz eta taldeak erabakitzen zuen beste proba batzuk egitea. Aurten, ordea, aitak proposatu zidan etxean korrika egitea. Soriako Krosa ere bazegoen, baina Laudiora etortzea erabaki nuen" azaldu du.

Gerora, hautua ezin aproposagoa izan zen: "Lasterketa perfektua izan zen: betiko jendea ikusi nuen eta besarkada eta animoak jaso nituen. Sekulako lana egiten du antolakuntzak".

Horrez gain, laudioarrarentzat berezia izan da lorpena talde giroa sumatu zuelako Laudio Atletismo Klubean: "Umea nintzenean Javi Apariciok kudeatzen zuen kluba eta gure entrenatzailea zen. Ahalegina egiten zuen korrikalarien arteko giroa sortzeko eta presidente berriarekin gauza bera nabaritu dut. Naiara Gago prestatzailea etorri zen nirekin hitz egitera hiru gazte kirolarirekin. Azaldu zien Laudiokoa naizela, Oviedo Atletismoan parte hartu arren, eta nik uste ilusio egin ziela".

Galdetuta nola ospatu zuen lasterketa, Escondrillasek aitortzen du leher eginda zegoela eta gurasoekin bazkaldu ostean, siesta luzea egin zuela, egun borobilarekin jarraitzeko.

Amaitzeko, laudioarrak aipatu du bere entrenatzaile berriaren garaipena ere dela Laudiokoa: "Pasa den astean Atapuercan irabazi nuen eta orain Laudion, nahiz eta ni pistako atletismora ohitua egon eta hau aldapatsua izan".

Lasterketa herrikoa
Arzuaga, aldiz, lehenengoa izan zen lasterketa herrikoian. Escondrillas bezala, harreman estua dauka Laudio Krosarekin, umea zenetik lasterketan parte hartu izan baitu.

"Berezia izan da garaipena, hainbat oroitzapen baititut Laudio Krosari buruz. Gainera, ezagun ugariren bultzada jaso nuen ibilbidean eta podiumean. Herriko jende askok badaki nor naizen Laudion egiten dudalako lan, gainera."

Hala ere, Helene Arzuagak azpimarratzen du bere aitaren babesa: "Neba, aita eta hirurok parte hartu genuen proban. Aita nirekin egiten du korrika, arinago joateko aukera badu ere, nire alboan dago babesa emateko".

Helenerentzat ezustea izan zen garaipena eskuratzea eta ez zuen ospakizunik egin. Berez, berarentzat lasterketak entrenatzeko modua dira: "Nik kirola egitea gogoko dut burua argitzeko. Bizpahiru aldiz entrenatzen dut astero eta nire lasterketa egiteko eta ongi pasatzeko izena ematen dut, ez dut irabazteko asmorik" adierazi du.

Besaide Astobiza
Gazteen artean Besaide Astobizak ere lorpena erdietsi zuen. Himalaian egon da orozkoarra "Oxigenoa Euskarari 6.000 metroan ere" espedizioan parte hartzen, baina ez du sasoia galdu eta gailentzea lortu zuen igandean. Aitana Delgado Santamariak partekatu zuen podiuma bere taldekidearekin, 3. postuan, hain zuzen. Naia Lasok ere sailkapen hori lortu zuen bere kategorian.

Azkenik, Josu Apraiz laudioarra ere igo zen podiumera Senior kategorian eta Joseba Goti Masterren artean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide