Txani Rodriguez idazle laudioarraren kontakizuna jaso du Erlea aldizkariaren 12. zenbakiak. Bernardo Atxagak zuzendu duen proiektuaren azken zenbakia izango da eta protagonista nagusia Euskaltzaindia bilakatu dute, 100 urte bete baititu akademiak. Edonola ere, laudioarraren idatziak -"Pelegrinak. Gure diskurtsoen ahuleziak"- ez du zerikusirik erakundearekin.
Laudioko sortzailearen testua ez ezik, azaroan plazaratutako Erlearen zenbakiak Ibon Sarasola eta Ramon Saizarbitoriaren solasaldia, Gabriel Arestiren argazkiak, Beatriz Chivite, Hasier Larretxea edo Amaia Iturbideren poemak, Laura Mintegi, Kepa Altonaga, Nora Arbelbide edo Juan Luis Zabalaren testuak eta Txema Larreari idatzitako tributua ere jasotzen ditu, besteak beste.