Laudioko azaroko Udalbatzan tentsioa izan zen nagusi, alderdien arteko tira-birek markatu zuten arratsaldeko saioa.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean 43. aldaketa onartu zen aho batez. Horren ondorioz Laudioko Suhiltzaileen Parkea handituko da segurtasun ekipamenduen sistema orokorra hobetuz.
PSEk mozioa aurkeztu zuen, “herriko garbiketa” hobetze aldera. Kartel eta pankarten gain jarri zuen fokoa Loli Muriel zinegotziak eta sentsibilizazio kanpaina abian jartzea proposatu zuen. EHBilduk sentsibilizazio kanpaina hori dagoeneko martxan zegoela adierazi zion: duela bi hilabete aurkeztu zuten “Laudio argi eta garbi, zure esku dago” egitasmoa. Mozioa PSE, PP, EAJ eta Omniaren botoekin atera zen aurrera.
Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala ere irakurri zen Udalbatzan. Alderdi bakoitzak bere testua irakurri zuen eta jarraian bozkatu egin zen. Txaro Sarasuak, atxiki gabeko zinegotziak, adierazpen instituzionala irakurtzeko tartea baliatu zuen gobernu taldeko kideak eta alkatea “bere hitza isilarazi nahi izateaz” akusatzeko eta atxiki-gabeko zinegotzi gisa betetzen duen lana goraipatzeko.
Natxo Urkixok “lotsagarritzat” jo zuen Sarasuaren jarrera: “penagarria da emakumeek munduan bizi duten egoera zail eta larriaren aurrean, horrelako gai bat baliatzea politika egin eta zinegotzien aurka jotzeko”.
Tirabirak nagusi
Azaroaren 25eko adierazpen instituzionalekoa ez zen izan Txaro Sarasua eta Natxo Urkixoren arteko tirabira bakarra. Gai guztietan azaleratu ziren taldeen arteko desadostasunak eta akusazioak.
Atxiki gabeko zinegotziak aurkeztutako mozio batek ere soka luzea ekarri zuen. Hilerriko hobietan loreak jartzearen inguruko mozioa aurkeztu zuen Txaro Sarasuak Udalbatzako Gaien Komisioan. Sarasuak mozioa Udalbatzera eraman ez izana salatu eta gaia fiskaltzari helarazi ziola adierazi zuen, neurri juridikoak hartu zitzan.
Natxo Urkixo alkateak Udalen Araudi Organikoak dakarren 84. artikuluaren 2. puntuari egin zion erreferentzia, “mozioa ez aurkezteko arrazoiak Udalbatzako Gaien Komisioan azaldu zirela” argudiatuz. Halaber, Sarasuari eskaini zion erregu eta galderen aurretik mozioa aurkeztea. Honek, baina, ez zion eskaintza heldu nahi izan eta Udal Osoko Bilkuratik atera zen.