Zer topatuko du jendeak Kot Azokan?
Eider Arbaizagoitia: Oraingo honetan denetarik aurkituko dute. Badauzkagu mutilen kamiseta eta kaputxadun jertse pilo, baina baita nesken eta haurren soinekoak, kamiseta tirantedunak...
Miren Goitia: Azken urteotan ez dugu azokarik egin, arropa mordoa pilatu zaigu. Aukera ona izango da Aiaraldea Ekintzen Faktoriara etortzea. Dendan baino nabarmen merkeagoak izango dira prezioak, eta aurreko denboraldiko jantziak egongo dira.
E.A: Ez ditugu ekarri aurtengo diseinuak, oraindik dendetan daudelako, baina iazkoa eta duela bi urteko bildumak egongo dira prezioa oso onean.
Irizpide ekologikoak baliatzen dituzue zuen bildumak ekoizteko, ezta?
E.A: Bai, dena %100ean kotoia da, duela 3 urte hasi ginen kotoi organiko lantzen.
M.G: Zira batzuk ez dira kotoizkoak, baina bai gai birziklatuekin eginikoak. Hornitzaileak bilatzeko ikertu behar izan genuen. Horrela lan egiteko asmoa genuen, eta gure neurrikoak topatu arte bilatu genituen. Diseinuak guk egiten ditugu eta momentuz ondo doa.
Nolakoak dira zuen diseinuak?
E.A: Aipagarria da gure irudi guztiak Euskal Herriari lotuta daudela. Hasi ginen mendiekin, egin ditugu animaliak, parke naturalak, kostaldea...
M.G: 20 urte bete ditugu, beraz, atera kontuak zenbat gai zabaldu ditugun. Gorbeia asko errepikatu dugu.
E.A: Egia da Gorbeia ia urtero ateratzen dugula gure diseinuetan. Alde batetik, bestetik, Itxina... Jende askok agian ez daki Kot marka laudioarra dela!
M.G: Kot marka da gure kooperatibarena, Grafik Sarearena, alegia. Grafikek, oro har, diseinuak egiten ditu: errotulazioa, seinaleak, diseinu grafiko hutsa, komunikazioa, enpresen irudiak... Horrekin batera sortu genuen kamiseta eta jertse kaputxadunen marka, Kot, guk asmatutako diseinuekin. Horrez gain, promoziorako produktuak ere ekoizten ditugu, gure diseinuekin, zein jendeak ekartzen dituen horiekin. Gauza polit ugari egiten ditugu eta 10 bat gara. Guztiok egiten dugu denetarik.
Zergatik hautatu zenuten Aiaraldeako Ekintzen Faktoria azoka egiteko?
E.A: Guk Telleria kalean, Gardean, dugu egoitza. Hortaz, oso hurbil gaude. Gainera, gutako asko Aiaraldea Kooperatibako bazkideak gara eta gure pentsamenduan dago proiektua. Bestalde, aspaldi ez genuenez egiten azoka, zerbait berezia egin nahi genuen aurten. Duela bi urte Koten 20. urteurrena izan zen, baina arrazoi ugari dela medio, apartekorik ezer antolatu. Ondorioz, gure egoitzatik kanpo eta leku handi batean prestatu nahi genuen, kutsu dotoreagoa izan dezan.
Noiz izango da hitzordua?
E.A: Ostiralean 16:00etan hasiko gara, hau da, bihar bertan. 20:00ak arte egongo gara eta larunbatean egun osoan: 10:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 20:00ak arte.
M.G: Igandean egongo gara 10:00etatik 12:00ak arte, Euskaraldiaren jaia eta ekitaldia errespetatzeko, eta gero 16:00etatik 18:00ak arte zabalduko dugu. Erosten dena azokan bertan aldatzeko aukera egongo da eta horregatik igandera arte egongo gara. Euskaraldiko jaian egotea gustatuko litzaiguke, baina aukera hori emango dugu aldaketak egiteko.