Nor zen zure aita?
Nire Aita Manuel Fernandez Mourente zen, elektrikaria ofizioz. Ferrolen zegoen Bazan ontziolako Obras Civiles enpresarentzako egiten zuen lan. CCOOen afiliatua zen eta bitarteko sindikal lanak egiten zituen bertan. Ezaguna zen bere militantziagatik eta hainbat artikulu publikatzen zituen La Voz de Galicia egunkarian.
Artikulu horietako batean Obras Civiles enpresako zuzendariak enpresa deuseztatzeko zuen asmoa azaleratu zuen aitak. Horrek ugazabak bere aurka jarri zituen. 13 epaiketa izan zituen enpresaren aurka eta guztiak galdu zituen, noski. Azkenean Cartagenara bidali nahi izan zuten lanera desterratuta. Aitak ez zuen hori onartu eta kaleratua izan zen.
Orduan hasi zen jazarpen poliziala pairatzen?
Bai, Guardia Zibila etxera etorri eta atxilotu egin zuten. 1971. urtearen amaieran edo 1972aren hasieran izango zen. Guardia Zibilak aita jipoitu eta tinpano bat izorratu zion. Tortura kasu larriena ordea 1972ko maiatzean pairatu zuen.
Nolakoa izan zen kasu hori?
1972ko martxoaren 10ean greba handi bat egon zen Bazan ontziolan. Ehunka langilek Ferrol hiriko ASTANO ontziolara egin zuten martxa bertako beharginen elkartasuna eskatzera. Bidean zirela poliziak manifestarien kontra kargatu zuen bi hildako eta 200 bala zauritu baino gehiago utziz. Maiatzean mobilizazio horretan aritu ziren langileak atxilotzen hasi ziren.
Nolakoa izan zen aitaren atxiloketa?
Aita oso aktiboa zen Racing de Ferrol futbol taldean, masajista eta azpiegitura lanak egiten zituen bertan. 1972ko maiatzaren 1ean aita futbol zelaian lanean zela Polizia Nazionalak atxilotu eta kuartelera eraman zuen. 18:00ak aldera atxilotu zuten eta neba eta biok 22:00etan edo joan ginen aita bisitatzera, dagoeneko torturatu zuten eta ezin zuen ia hitzik egin.
Guztira 72 ordu eman zituen komisaldegian. Leku guztietatik zerion odola. Poliziek hilzorian zegoela ikusi zutenean taxi batean sartu eta etxera bidali zuten. Guk forentsea deitu genuen, honek ez zegoela ezer egiterik esan zigun, ezin baikenuen demostratu aita komisaldegira horrela sartu zenik.
Hor bukatu al zen dena?
Ez, maiatza bukaeran kartzelan sartu zuten, fiantzapeko askatasunarekin atera zen handik hilabete batzuetara baina kartzelan zegoela epaiketarako deia jaso zuen. Ez zen, ordea, epaiketara heldu, 1976an hil baitzen.
"Poliziek hilzorian zegoela ikusi zutenean taxi batean sartu eta etxera bidali zuten"
Torturen ondorioz?
Bai, jasotako tortura basatiak bi hematoma eta hiru koagulu utzi zizkion buruan, horietako batek tapoia egin eta hil egin zuen. Lanean zegoela gertatu zen, zutik jauzi zen metro bateko altueratik eta konortea galdu zuen. Hasieran ez zuen inor ulertzen zergatik gertatu zen, aita gizon indartsu eta osasuntsua baitzen. Ospitalean zegoela koman sartu zen.
Espainia mailako neurologo oso sonatu bat etorri zen bera aztertzera. Garai hartan mesfidantzaz aritzen ginen mundu guztiarekin, nik nire lanpostua galdu bainuen “gorri” baten alaba izateagatik. Baina neurologoak segituan atzeman zuen aita duela urteak buruan jasotako kolpe gogorren ondorioz hil zela, torturen ondorioz, hain zuzen.
Nola aldatu zen zuen bizitza?
Aitak bizitako torturekin bizi izan naiz, aita torturatu zuten egunetik bertatik. Beldurrez bizi ginen, mesfidantzaz. Eta beldur hori oraindik dut gorputzean.
Polizia ere ondo arduratu zen gure familian beldur hori ez ahazteaz. Aita hil eta hilabete batzuetara etxera etorri ziren beragatik galdezka aise ondo zekitenean zendu zela. Ni ere atxilotu ninduten behin, ziegan sartu eta aita torturatu zuten ziega zela esan zidaten mehatxuz.
Madril, esaterako, hori da niretzat, sufrimendua eta beldurra. Gogoan dut nola seinalatu zidan aitak “Billy el Niño” torturatzaile famatua, Orden Publikoko Auzitegian Ferroleko 23en epaiketan laguntzera joan ginenean.
Ezagutu zenuen orduan “Billy el Niño”.
Bai, aise ezaguna zen gure artean, ezagun asko pasa ziren bere eskuetatik. 1975ean Ferroleko kideen epaiketara zetorren publiko artean geundenak zaintzera.
"Nire aita Galiziako bi polizia nazionalek torturatu zuten, Parentes eta Quintela zuten izena"
Zure aita berak torturatu zuen?
Ez, nire aita Galiziako bi polizia nazionalek torturatu zuten, Parentes eta Quintela zuten izena. Badakit nortzuk diren eta behin baino gehiagotan gurutzatu behar izan ginen kaletik beraiekin, askotan aita ondoan nuela. Hauek, Billy el Niño bezala, aise ezagunak ziren torturatzaile gisa betetzen zuten funtzioagatik.
Imaginatzen dut, beste asko bezala, ez zirela epaituak izango.
Ez, inondik inora. Are gehiago, 1977ko amnistia legeak beraiek bezalako piztiei eta orokorrean Espainiar Estatuko faxistei egin zien mesede gehien. Beraientzako diseinatua izan zen, trantsizioa deitzen dena berdin mantendu zedin.
Espaniar Estatua gutxi aldatu dela diozu, orduan?
Estatu honetan zer toleratzen den eta zer toleratzen ez den ikustea besterik ez dago. Zenbat torturatzailek duten kondekorazioa gaur egun oraindik? Benetan sinistu behar dugu Espaniar Gobernuak ez dakiela nor den “Billy el Niño”? Ez zituela bere praktiak ezagutzen?
Bere praktikak toleratu egin ditu, frankismoa bukatuko zen baina hemen torturatzen jarraitu da. Boterean orduan jarraitzen zuten berdinek jarraitzen dute, non dago aldaketa? Franco omentzea erabat onartua dago…
Eta niri asko mintzen nau frankismoan gertatutakoa azaleratzen denean boterean daudenen partetik “zauriak ez irekitzeko” esaten dutela entzuteak. Zauriak ireki? Zauriak ez daude itxita! Ni honekin bizi behar izan dut 40 urtez eta jarraituko dut karga hori eramaten.
Zerk itxiko lituzke zauriak?
Barkamenak ez, hori ziur! Ez dut inork niri barkamena eskatzea nahi, ez naiz fededuna ez dut barkamenean sinesten. Aitaren torturatzaileak ezagutzen ditut eta ez dut nahi hauek nigana barkamen eske etortzea, zertarako? Barkamenak ahanztura dakar eta nik ez dut ahaztu nahi. Nik aitortza bat nahi dut, gauzak izan ziren moduan kontatuak izatea.
Belaunaldi berriek ezagutu behar dute hemen zer gertatu den eta zer gertatzen ari den.
Baina aitortza gutxi espero dut nik Frankismoa ukatzen duen estatu batetik. Hona Argentinako entzutegiak etorri behar izan dira torturatzaileak epaitzera eta hauei ere trabak jarri zaizkie.
"Ez dut inork niri barkamena eskatzea nahi, ez naiz fededuna ez dut barkamenean sinesten"
Zer da mingarriena?
Guzti hau zeozertarako baliagarria izan ote den pentsatzea da mingarriena. Aitak ideal batzuk zituen eta ideal horiengatik eman zuen bizia. Balio izan zuen gauzak aldatzeko? Ez dakit… Gaur egun galdu egin da langile kontzientzia, soldatapeko hutsak gara, ez dago sindikaturik, herriok ezin dugu gure etorkizuna demokratikoki erabaki… Egindako borroka guztia egoera honetan egoteko, pena ematen du. Aita CCOOko militantea izan zen, ikusiko balu zertan bihurtu den orain sindikatu hori... burua lur azpian sartuko luke berriro.