Iñigo Cabacasen familia: "Epaia gazi-gozoa da, egia aitortu du, baina arduradunak zigortu gabe"

Aitor Aspuru Saez 2018ko aza. 30a, 11:17

Amaia Lizeranzu eta Oier Amorrortu, Iñigo Cabacasen Aiaraldeko senideak. / Aiaraldea.eus

Iñigo Cabacasen senideek adierazi dute epaiak bere bertsioa aitortu duela, baina ez duela gaztearen heriotzaren arduradunen aurkako zigorrik ezarri.

Iñigo Cabacasen senide batek jakinarazi dio Aiaraldea hedabideari Bilboko Epaitegiaren erabakiak zapore "gazi-gozoa" utzi diela.

Izan ere, epaileak onartu eta aitortu du senideek eta lagunek salatutako guztia: neurririk gabekoa izan zela Ertzaintzaren esku hartzea, ez zegoela justifikatuta indarkeriaren erabilera eta protokoloak ez zirela errespetatu, besteak beste.

Horrez gain, justiziak zabaldu du poliziak eta ordezkari politikoek ez zutela ikerketarik egin eta interes gutxi izan dutela gertatutakoa argitzeko.

Ertzainen bertsioa ukatuta
Iñigo Cabacasen senideek gehitu dute epaileak zalantzan jarri duela ertzainek egindako adierazpenak eta gezurtzat jo duela kaputxadunek objektu zaparrada bota izana segurtasun indarren kontra. Hau da, ez zen egon ez kaputxadunik ez jaurtiketarik. Are gehiago, epaiak jaso du Ertzaintzak sortu zuela zegoena baino arrisku gehiago.

Zigor eskasa
Epaileak familiaren argudioak egiatzat hartu baditu ere, Iñigo Cabacasen gertukoek uste dute zigorra motz geratu dela. De Pablo ertzainari 2 urteko kartzela zigorra ezarri dio, baina ez da espetxera joan beharko.

Bestalde, senideek ez dute ulertzen polizia hori zigortzea pilotakadak ez gelditzeagatik -karga egitearekin ados ez zegoen arren- eta agindua eman zituztenak absolbitzea. Antza, epaiak berak islatzen du ikerketa faltaren ondorioa dela hori.

Helegitea
Aipatutako aldagai horiek guztiak baloratzen ari da familia ebazteko errekurtsoa jarriko duten. Besteak beste, pentsatu behar dute zein ardura eskatu daitezkeen, adibidez, epaileak argi ikusi badu zenbait ertzainek gezurra esan zutela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide