Abenduaren 29an proiektatuko dute Pixelatu kolektiboak antolatutako ikus-entzunezko barnetegian sortutako animaziozko film laburra.
Esti Urresolak eta Nerea Ganzarainek antolatu zuten barnetegia, Mundukirol elkartearekin batera. 15 umek parte hartu zuten bertan. “Eurekin batera zinemagintzaren magian barrena murgildu eta animaziozko film laburra ekoiztu genuen”, adierazi dute ekimenaren sustatzaileek.
Astebete iraun zuen egitasmoak. “Lan handia egin genuen modu kolektiboan istorioa osatu eta hura aurrera eraman ahal izateko”. Lan horren emaitza izango da 29an proiektatuko duten 4 minutuko filma, stop motion animazio teknikarekin eginikoa. “Pixelaturen abenturak da pelikularen izena eta itsasoan pilatzen den poluzio eta zikinkeriaren inguruko hausnarketa planteatzen du”.
Bi pase
16:30ean proiektatuko dute filma eta sarrera doakoa izango da. Bertan egongo dira tailerrean parte hartu zuten umeak. Hurrengo egunean -abenduak 30- bigarren pasea egingo dute, 17:15ean toki berean.