"Espero baino gutxiago entzun dut gaelikoa edo hizkuntza irlandarra"

Txabi Alvarado Bañares 2018ko abe. 9a, 07:00
Ikasturte osoa igaroko du Malen Atxa Corbellak Irlandan ikasten. / M.A.C eta Sygal 93 (Flickr)

MALEN ATXA CORBELLA (Laudio, 2003) Irlandan ikasten ari da. Bertan bizitakoen inguruan mintzatu da.

Irlandan zabiltza. Non zaude zehazki? Zertan?

Bantry deitzen den herri txiki batean nago, Cork hiriaren mendebaldean. Ikasturte baterako egongo naiz hemen. Hala ere, Gabonetan Euskal Herrira bueltatuko naiz, eta oporren ostean Irlandara nator berriro maiatza edo ekainera arte. Euskal Herrian DBH4. maila dena  ikasten nabil hemen.

Zer ezberdintasun sumatu dituzu Laudioko edo Euskal Herriko eta Irlandako egunerokotasunaren artean?

Hemen ez dago garraio publiko askorik. Agian herri hau txikia delako izango da, baina edonora joateko norbait behar duzu beti. Ni adibidez, beste hainbat lagun bezala, ez naiz herrian bizi. Beraz, lagunekin geratzeko familiarekin adostu behar dut. Bestalde, ordutegiak ezberdinak dira. Laudion, adibidez, 17:30ean geratzen gara, 22:00 edo 23:00ak arte. Hemen, aldiz, 13:30etatik 17:00etara arte geratzen gara. Apur bat arraroa da, baina etxean geratzea baino hobea da behintzat.

Zer da gehien harritu zaituena?

Hainbat gauzek harritu naute heldu nintzenetik. Adibidez, euria egiten duenean (hau da, ia egunero), inork ez du euritakorik erabiltzen, herrian ez da euritakorik ikusten, eta ikusita Irlandan euri asko egiten duela, apur bat harrituta geratu nintzen.

Beste alde batetik, beheko suaren kontua dago, adibidez. Hemen irailetik daramagu beheko sua pizten eta, nahiz eta hotza egin, irlandarrek askotan ez dute arropa askorik janzten.

 

"Asko harritu ninduena eta Euskal Herrian ikusten ez dena da nire adineko jendea lanean ari dela Irlandan"



Oso ezberdina da zure adineko gazteen bizitza bertan?

Alde batetik antzekoa dela uste dut, baina beste alde batetik aldiz ez. Hemengo neskak, adibidez, oso oso gazteak direnetik  hasten dira makillatzen. Gainera, asko makilatzen dira eta neska asko pertsona desberdinak dirudite horrela. Bestalde, asko harritu ninduena eta Euskal Herrian ikusten ez dena da nire adineko jendea lanean ari dela. Hau da, eskola ostean edo larunbatetan  askok ordu pare bat lan egiten dute, supermerkatu batean, herriko denda txikiren batean… diru apur bat izateko. Beraz, alde horretatik, nire adineko gazteak ezberdinak direla uste dut. Hala ere, pelikulak, musika, telebista programak, arropa estiloa… oso antzekoak direla uste dut.



Zer eramango zenuke Irlandatik Laudiora? Eta alderantziz?

Oso galdera zaila da hori, egia esan. Irlandatik Laudiora ez dakit zer eramango nukeen. Baina Laudiotik edo Euskal Herritik ondo eta asko jatearen ohitura ekarriko nuke hona. Nire ustez hau Euskal Herriko gauza bat da, eta asko botatzen dut faltan, bereziki etxeko janaria. Hemen ez dute ia ezer bazkaltzen, nahiz eta afaria Euskal Herrikoa baino handiago izan. Horregatik, ondo eta denetarik  jatearen ohitura ekarriko nuke nik Irlandara.

Hizkuntzaren aldetik, zer moduz moldatzen zara?

Hizkuntzaren aldetik gero eta hobeto moldatzen naiz. Heldu nintzenean espero baino hobeto moldatzen nintzen, beraz ondo. Irlandarrak ulertzea ez da oso zaila nire ustez, ingelesez ari badira, noski!

 

"Laudiotik edo Euskal Herritik ondo eta asko jatearen ohitura ekarriko nuke Irlandara"

 

Ingelesaz gain nabaritu al duzu Irlandako beste hizkuntzen presentzia?

Espero baino gutxiago entzun dut gaelikoa edo hizkuntza irlandarra. Eskolan ikasle irlandar orok egin behar duen arloa da. Baina gehienek ez dute gustuko. Beraz, ez da miresten duten hizkuntza bat. Heldu baino lehen uste nuen Euskal Herrian euskarak duen presentzia izango zuela. Hau da, gehiago hitz egiten zela uste nuen, baina oso ezberdina da. Badakit badaudela hainbat herri gaelikoz hitz egiten dutela soilik, baina hizkuntza oso-oso txikia dela uste dut. Gainera, geroz eta txikiagoa bihurtzen ari delakoan nago.

Beste zer edo zer gaineratu nahiko bazenu...

Nahiz eta nirea oraindik amaitu ez den, esango nuke oso-oso esperientzia ona da atzerriko herrialde batera joatea. Edonor beste herrialde batera ikastera joateko aukera baldin badauka, joatea gomendatuko nioke. Bizitza osorako balio duen esperientzia da, hizkuntza berria ikasi edo hobetzeko, lagun berriak egiteko, jende ezberdina  ezagutzeko… oso aukera ona da. Beraz, noizbait horrelakorik egiteko aukera baduzu, egizu!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide