Hitzaldia antolatu du Fernando Buesa elkarte sozialistak datorren astelehenerako. Aiaraldean dauden osasun-espezialitateak izango dituzte hizpide. “Etorkizunean izango ditugun osasun-gabeziak ere izango ditugu mintzagai, Laudioko biztanleria-piramidea kontuan hartuta”, azaldu dute antolatzaileek. Nabarmendu dutenez, herriko biztanleriaren %25a baino gehiago dago 60 urtetik gora.
Blanca Roncal izango da hizlaria. PSE-EEko osasun eta kontsumo idazkaria da bera, eta ibilbide luzea egin du medikuntzan eta osasun-zentroen kudeaketan. “Zinegotzia izan da Arrasaten eta Oñatin eta legebiltzarkidea Eusko Jaurlaritzan”.
PSE-EEko kideek herritar orori luzatu diote solasaldira gerturatzeko aukera. “Zalantzak argitzeko aukera egongo da bertan”.