Gaur egin dira hauteskunde sindikalak Laudioko Udaletxean. Guztira, 9 ordezkari sindikaletatik, 5 lortu ditu ELA sindikatuak, 2014ko hauteskundeetan lortutako ordezkari kopurua mantendu dute. Guztira 69 boto lortu ditu sindikatu irabazleak.
ELAko kideak oso pozik azaldu dira emaitzekin, “oso positiboki baloratzen dugu udaleko langileek ELA egindako lanari emandako sostengua”.
Halaber, oraindik zer egina dagoela azpimarratu dute: “oraindik, baina, lan handia dago egiteko eta langileengandik lorturiko babes honek indartu egiten gaitu Laudioko herritarrentzako zerbitzu publiko sendo batzuen alde borrokatzen jarraitzeko”.
LABek osatzen zuen hauteskundeetara aurkeztutako bigarren hautagaitza; 56 boto eta 4 ordezkari lortu ditu. Pozik azaldu dira LABeko kideak ere, botoetan gorakada izan baitute: “errolda igo egin da 2014tik, 161 langile gara orain guztira. Guk aurrekoan baino hiru boto gehiago lortu ditugu, ELAk ordea beherakada nabarmena pairatu du, 80 bototik 69 pasa baita”.
Errolda igoerari eutsita, “Lan Publikoaren Eskaintza Orokor bat egitea, euskara maila kontuan harturik, eta lan-hitzarmena Madrilen aurrean defendatzea” izango dira LABen lan lerroak, besteak beste.