Erromatar garaiko hilarria aurkitu dute Ermualden

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko abe. 20a, 10:33
Gaur goizean egin dute agerraldia udaletxean. / Aiaraldea

II-III.mendeko hilarri berrerabilia topatu dute Ermualden, Erromatar garaikoa. Gaur goizean aurkeztu dituzte indusketen azken emaitzak.

Sergio Escribano EHUko ikerlariak aurkeztu du indusketen emaitza: erromatar garaiko hilarria topatu dute. Hilobi baten estalki gisa berrerabilitako pieza da, lehenago aurkitutako horma eta eskileraren aurrean kokatua. Udan egin zituzten azken indusketak, eta Escribanok aitortu duenez, ezustekoa izan da: "Aurrez bi elizaren berri izan genuen, gaur egungoaren aurretik eraikiak. Eskuzabala da aztarnategi hau gurekin, eta hilobi baten estalkia agertu da". Berezitzat du, ordea, hilarria, berrerabilitakoa baita. Datari dagokionez, erromatar garaikoa da: "Dekorazioa ikertuta jakin dugu erromatar garaikoa dela".

Aurretik beste bi hilarri aurkitu izan dituzte bertan, beraz, ez da arraroa izan aurkikuntza: "Honek aldatzen duena kronologia da, orain arte ez gara X.mendea baino atzerago joan. Berrerabilita egon arren, II-III.mendeko aztarnak ditugu Ermualden". Gizabanako eta kultura ezberdinen inguruko informazioa jasotzea izango dute hurrengo helburu ikertzaileek, "beste prozesu batzuetaz hitz egin dezakegu orain".

Erromatarren eragina Laudion

Bertako gizarteak nola jaso zituen erromatarrak? Nola egin zituzten bere, euren heriotza ohiturak? Galdera horien erantzunen bila hasiko dira orain, Escribanoren hitzetan. Horrez gain, datazioei heldu diete isotopoen bidez. Gainera, nazioartean egingo dituzte laginketa horiek, EHUren bitartez. 

Duela bost urte ekin zion Laudioko Udalak Ermualde ikertzeari: "Errealitatea ezagutzeko egin genuen ituna EHUrekin. Orain ari gara indusketen fruituak hartzen". Aurreikerketa gauzatu zuten lehenbizi, eta ikerketari heldu zioten ondoren. "Bosgarren ikerketa eta laugarren indusketa da", zehaztu du Natxo Urkixo alkateak. Emaitza eta historia plazaratzea izango da tokiko erakundearen hurrengo zeregina. 

Topatutako hildakoen datazioak

Bestalde, hildakoen zantzuen datazioak gauzatu dituzte: "XII.mende erdialdekoak dira 2015ean aurkitutakoak. Kanpo hilerrikoa zela uste genuen, baina badirudi barrukoa dela. Sexua, adina eta patologia zehaztuko dugu orain". Laudioko aztarnategiko laginketak Yorken egingo dituzte. Hori dela eta, pozik azaldu da Escribano: "Nazioartean babesa lortu dugu". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide